Síguenos en redes sociales:

Urtebetetze erraldoia

Buruhandiek eta erraldoiek dantza berri bat eskaini diote antzokiari

Urtebetetze erraldoiaJ. Colmenero

Donostia. Beldurra eta irribarrea. Erraldoi eta buruhandiek kontrako sentsazioak sortzen dituzte eta agian horregatik dituzte hain gustuko umeek. Baina atzo ez ziren txikienak izan pertsonaia hauetaz disfrutatu zuten bakarrak eta horren adibide arratsaldean Victoria Eugenia inguruan bildu zen jende mordoa izan zen. Aiton-amonak, gurasoak eta gaztetxo asko momentu labur baina oso berezi bat bizi izan zuten. Horien artean lehenbiziko ilaran Nerea Txapartegi zegoen, Kultura delegatua.

Itzurun konpartsako buruhandi eta erraldoiak dantza berri bat eskaini zuten Argentinar Errepublika kalean antzokiaren 100 urteak ospatzeko. Hasi aurretik Okendo plazak parke erraldoi bat zirudien. Haurrak buruhandien aurretik korrika eta gurasoak berriz leku on bat bilatzen ekitaldia ahalik eta hobekien ikusteko.

"Gogo handiak ditugu. Zerbait berezia dela ikusi dugu programan eta ea gustatzen zaigun", zioen Jaione Gómezek bere alaba besoetan zuela.

'kontradantza'

Raimundo Sarriegi

Buruhandi koadrila eta zortzi erraldoiak, Gipuzkoa, Araba, Bizkaia eta Nafarroako bikoteak, prest zeuden kalean eta Itzurun taldeko kideek azken entseguak egin zituzten. "Noiz hasiko dira?", galdetu zion amari mutiko txiki batek pazien-tzia handirik gabe.

Zortziak hamar gutxitan, Raimundo Sarriegiren Kontradantza abestiaren doinuarekin hasi zen dantza. Erraldoiak zirkulo batean eta horien inguruan buruhandiak bueltaka elegantzia askorekin aritu ziren. Minutu gutxi iraun zuen ikuskizunak baina oso hunkigarria izan zen. "¡Bravo, bravo!", ohikatu zuen Carmen Larrañagak. "Oso, oso polita izan da", gaineratu zuen emakumeak.

Itzurun taldeko kide Xabi Zubirik ideia duela urtebete sortu zela azaldu zuen. "Victoria Eugeniak 100 urte betetzen zituela bagenekien eta orduz geroztik zerbait egin behar genuela pentsatu genuen, zerbait berezia", adierazi zuen.

Esan zuenaren arabera, musikariek kanta espezial bat aurkitu nahi zuten, "Donostiarekin zerikusi handia izango zuen abesti bat". "Sarriegiren Kontradantza izan zen. Horrez gain, orain arte egin ez den dantza bat nahi genuen", esan zuen Zubirik.

Horrela, erraldoiak eta buruandiak elkarrekin dantzatzen duten koreografia sortu zuten. "Normalean erraldoiek valsak dantzatzen dituzte, baina oraingoan dena bat egin nahi izan dugu. Bi hilabete entsaiatu ondoren oso berezia da eraikin honen aurrean dantzatzea", adierazi zuen Itzurun taldeko kide honek.

Egunero ehun pertsona biltzen dituen konpartsa honek, momentu bitxi baten protagonista izan zen. "Aste honetako unerik bereziena izan da. Mimo handiarekin egin dugu eta oso ondo atera dela uste dugu", bukatu zuen.

mendeetan

Duela 30 urte

Erraldoiak eta buruhandiak Donostiako kaleetan ikustea normaltzat jo arren, duela gutxi errekuperatu den ohitura bat da. Hainbat dokumentutan agertzen den bezala, pertsonaia hauek 1660. urtean ikusi ziren Gipuzkoako hiriburuan. Orduan errege marokoar talde batek desfilatu omen zuen. Harrez geroztik konpartsa asko izan dira XIX. mendearen bukaerara arte. Garai horietako Bella Easoren tradizioekin ez zetorrelako bat, usadioa galdu egin zen XX. mendean.

Demokraziarekin buruhandiak eta erraldoaiak hirira bueltatu ziren eta lehengo irteera 1982ko abuztuaren 8an izan zen. Orain, ezinbestekoak dira Aste Nagusiko programan eta Donostiako kaleetan.