Síguenos en redes sociales:

Amara Zaharrara eta Loiolara helduko dira festak datozen egunotan

ostiraleko gazte egunarekin abiatuko dira amarako jaiak easo plazaren inguruanSaninazioak larunbatean piztuko dituzte, besteak beste, Urumean egingo duten batel estropadarekin

Amara Zaharrara eta Loiolara helduko dira festak datozen egunotanN.G.

Donostia. Añorgako festak bukatu eta, ia atsedenik gabe, amaratarrek eta loiolatarrek hartuko dute lekukoa asteburu honetan. Ostiralean hasi eta San Inazio egunera arte hamaika ekitaldi dituzte programatuta han eta hemen, haur, gazte eta helduentzat.

Amara Zaharrean jaiak iragar-tzeko kartela aukeratzeko lehiaketa burutu dute aurten eta pegatinak ere prestatu dituzte. Biharko pala txapelketen ondoren ostiralean abiatuko dituzte aurtengo festak Easo plazan bertan jaurtiko duten suziriarekin. Gazteei eskainiko diete ostirala eta, horrela, koadrilak izango dira lanean jarriko dituzten lehenak, paella lehiaketa izango baitute ostiralean bertan. Izan ere, gastronomiak bere lekua izango du jaietan eta marmitako eta tortilla patata lehiaketak ere izango dira ondorengo egunotan.

Mus txapelketa eta, aurten lehenengo aldiz, txakur txapelketa ere izango dira Amara Zaharrean eta Donosti berri elkarteak 90 urte betetzeko bazkaria ere prestatu zuen pasa den asteburuan, jaien atarian. Bertatik aterako da, gainera, danborrada herrikoia larunbat arratsaldean. Giza kroketa txapelketa ere izango da egun horretan, ordu txikietan animatzen diren parrandazaleentzat.

Amaran jaiak datorren asteartean bukatuko dira, hain zuzen, ostiralean Easora helduko den Txorimaloaren erretzearekin, plazan bertan.

saninazioak Festa giroa ostiralean hasiko da Loiolara gertura-tzen koadrilen poteoarekin eta ferietan prezio berezia izango dute gaztetxoek. Baina saninazioak larunbatean hasiko dira ofizialki, Nafarroari eskainiko dioten egunarekin. Hala, jota doinuak ez dira faltako bazkari herrikoiaren ondoren.

Urumeako batelen estropada herrikoia, folklore jaialdia eta gaueko Loiola Paradearen irteera izango dira lehen eguneko ekitaldi jendetsuenetakoak; igandean kukaña prestatuko dute, koadrilen arteko jokoak eta baita afari herrikoia ere.

Puzgarriak, danborrada eta zezen suzkoa ez dira faltako egun handiaren bezperan eta asteartean txokolatada, txikientzat entzierrotxoa, bertso jaialdia eta sagardo jaia aurreikusi dituzte, besteak beste.

Guztia, noski, musikaren, erraldoi eta buruhandien, tailerren eta jai giroaren laguntzarekin, bai Amaran eta baita Loiolan ere. Ekitaldiak asko dira eta batzuen eta besteen festarako gogoa ere dagoeneko handia da.