Síguenos en redes sociales:

1813ari beste begirada bat

hiriaren sarraskiari buruz liburua idatzi du iñaki egaña historialari donostiarrak

1813ari beste begirada bat

"HISTORIA ezin da aldatu eta dena esanda dago, baina testuinguruan zulo handi bat zegoen eta horretan sakontzen saiatu naiz". Iñaki Egaña historialari donostiarrak Donostia 1813. Quiénes, cómo y por qué provocaron la mayor tragedia en la historia de la ciudad liburua aurkeztu zuen atzo. Mito batzuk baztertzen saiatu dela esan zuen idazleak, literarioagoa eta originala izaten; duela 199 urteko sarraskiari buruz "ikuspegi berritua" eskain-tzen duela gaineratu zuen Txertoa argitaletxeko Martin Ansok.

Sutearen 150. urteurrena zela eta, asko idatzi zela 1813.ari buruz aitortu zuen Egañak eta gaur egun daukagun informazio asko ordukoa dela. Dena den, orduko publikazioak mediatizatuta zeudela eta frankismoak zenbait gauza "alfonbra azpian" sartu zituela esan zuen idazleak. Horregatik, guztiak baztertu eta berriz ere oinarrizko iturrietara jotzen saiatu dela esan zuen: 1813 eta 1814 urteetan Donostiako Udalak idatzitako bi txostenetara eta urte horietan epaile baten aurrean gertatutakoari buruz 79 donostiarrek eman zuten testigantzetara.

Gainera, sarraskiari buruz batez ere ingelesek asko idatzi zuten eta egun informazio hori Interneten eskuragai dago; Espainiako Artxibo Historiko Nazioanala ere digitalizatuta dago eta gerrari buruzkoak kontsultatu daitezke. "Hortik aurrera, datu horietatik aurrera, interpretatzea tokatzen da, eta hori egin dut", aitortu zuen Egañak.

Hala, Donostiako sarraskia gerra napoleonikoen testuinguruan kokatu du: "Ordurako globalizatuak geunden". Eta Napoleonen ejerzitoan, adibidez, hamalau urteko umeak zeudela kontatu du eta Errusia, Prusia eta Italiatik etorritakoak ere bai; ingelesen artean, aldiz, Indian borrokatutakoak eta esperientzia militarrik gabeko Thomas Graham buruzagia. 1808 eta 1813 artean Bidasoako muga 250.000 soldaduk pasa zutela ere nabarmendu du Egañak liburuan eta horrek eta bizkaitarrek garai hartan zituzten borrokek giro belikoa Donostian ere ezarri zutela. Garai hartako hiria hain afrantzesatua ere ez zela uste du Egañak: "Beste mito bat da hori".

Sarraskiaren ondoren, bi bandoetan izandako hildakoenak bai baina zendutako donostiarrei buruz zenbaki zehatzik ez dagoela aitortzen du liburuak. Eta hondamendiaren ondorengo neguan malariaren eraginez beste 1.500 bat herritar hil zirela jasotzen du.

Sarraskiaren arduradun Wellington eta Castaños direla dio Egañak, garaiko lekukoen testigantzetatik abiatuta. Eta ingelesak "gezur handi bat" eraikitzen saiatu zirela ere bai, sutearen ondorengo sarraskiaren ardura frantsesei egotzi baitzieten hasieran.

Liburua aurkezteko Alde Zaharretik bisita gidatua eskainiko du Egañak bihar arratsaldean, sitioan eta sarraskian garrantzitsuak izan ziren lekuetan geldialdiak eginez. Gipuzkoako plazako liburu azokatik abiatuko dira 19.00etan.