FESTA giroan zabaldu zituen ateak atzo Hegalak kirolgune egokitu berriak. Kontxan bertan kokatuta, Cervantes plazara atera ziren zentroko arduradunak eta kalean eskaini zituzten lehen ikastaroak: funky, aerobic eta cardiobox saioak izan ziren kalean eta bertaratutako guztiek izan zuten, gainera, instalazio berriak barrutik bisitatzeko aukera.
Lehenengo inaugurazio ofiziala egin zuten Hegalak zentroko arduradunek erakundeetako ordezkariekin eta, ondoren, festa giroa nagusitu zen aerobic saioko musikaren laguntzarekin. Bertara apropos joandakoez gain, hondartzatik atera edo Kontxatik paseatzen ari ziren asko erakarri zituzten Hegalak zentroko monitoreek.
Eta herritarrei Hegalak zer den ezagutzera emateko aste guztian izango dira pilates, ciclo indoor, body building eta igeriketa saio irekiak, besteak beste. Guztiak doan izango dira ostiralera arte eta zentroko instalazioetan ez ezik, Cervantes plazan eta hondartzan ere izango dira (Kontxara sartu eta ateratzeko aukera ere badute Hegalak zentroko erabiltzaileek).
zerbitzuak
Inklusioa
Dena den, Hegalak berezia egiten duena barruan dago: piszinak dauzka, spa, gimnasioa eta bizikletak eta bestelako makinak, baita hainbat ikastaro ere. Eta horietan mugikortasun urriko pertsonek eta bestelako gaitasunak murriztuta dauzkatenek parte hartu ahal izango dute, kirolgunea erabat egokituta baitago.
Hala, makinak eta esfortzu proba egiteko aparatua erabiltzeko aukera izango dute gurpilezko aulkietan doazenek, eta piszinan led argiak jarri dituzte ikusteko arazoak dituztenentzat. Gainera, ikastaro batzuk bereziak izango dira adimen urritasuna dutenek ere jarraitu ahal izateko. Eta menpekotasun handiak dituztenekin zentzuen bidezko estimulazioa landuko dute. Spa haientzat ere egokituta dago.
Bestalde, kirolguneaz gain, osasunari eskainitako espazio bat ere badauka Hegalak zentroak eta, horrela, erabiltzaile guztiek medikua bisitatuko dute sartu eta beherala. Hark haien osasunaren arabera, ariketa eta entrenamendu mota batzuk edo besteak gomendatuko dizkie.
Baina Hegalak zentroko ordezkariek behin eta berriz errepikatu duten moduan, gaitasunen bat murriztuta daukatenek ez ezik, gainerakoek ere badute kirolgunera jotzeko aukera. Integrazioaz alderantziz ari dira: ezgaitasunetik erakarri nahi dituzte gainerakoak.