Paella, jolasak eta jai giroa nagusi Boskotarrak elkartearen festa egunean
200 bat lagun bildu ziren larunbatean antolatutako herri bazkarian 37 urte bete ditu Altzako elkarteak eta auzotarrekin batera ospatu zuen asteburu osoan zehar
Donostia. Altzako Boskotarrak elkarteak bere 37. urteurrena ospatu zuen asteburuan festa giroan eta auzotarrekin batera. Hala, jolasak, bazkaria eta txotxongiloak izan ziren haur eta nagusientzat.
Larunbatean ekin zieten ospakizunei, goizeko 10.00etan. Umeentzako jolasak izan ziren protagonista, Boskotarrak etxeen inguruan. Hamaiketakoa ere izan zuten txikiek eta haien gurasoek eta jolas eta jokuetan parte hartu zutenek opariak ere jaso zituzten ondoren.
13.00etatik aurrera paellada izan zuten eta guztira 200 bat lagun bildu ziren herri bazkari honetan. Eta bazkalostean, berriz ere, haurren txanda izan zen. Puzgarriak izan zituzten eta, baita ere, Corrado Masacciren txotxongiloen emanaldia.
Ordurako eguraldiak okerrera egin zuen eta euria ere hasi zuen, baina hala eta guztiz ere antola-tzaileak pozik agertu ziren festa egunarekin eta auzotarren parte-hartzearekin. "Oso ondo joan zen, iaz baino hobeto", aipatu zuen Karlos Solana Boskotarrak elkarteko kideak.
igandean ere bai Dena den, eta larunbata egun jendetsua izan bazen ere, ospakizunek igandean jarraitu zuten baina, kalean izan beharrean, elkartearen egoitzara pasatu ziren. Izan ere, urteurrena beste elkarteekin batera ospatu zuten igandean, ohiko senidetze bazkariaren.
Boskotarren jaialdia dagoeneko ohitura bihurtu dute elkarteko kideek eta auzotarrek. Batez ere umeei zuzendutako ekitaldiak izaten dira nagusi, baina baita haien gurasoak eta gainerako auzotarrak erakartzeko paellada arrakastatsua ere.