Donostia. Intxaurrondoko kultur etxean Ibiltariaren Astea antolatu dute astelehenetik aurrera, bidaiei buruzko hitzaldi eta erakusketen bidez munduko gertakizun, errealitate eta istorioak gerturatzeko. Auzoko Ipar Haizea elkartearen eta Donostia Kulturaren lankidetzaren ondorio da ekimena eta aurtengoa 18. edizioa izango da.
Ekimena astelehenean abiatuko da Groenlandia eta Terranovari buruzko hitzaldiarekin, Andrea Ruiz eta Unai Basurkoren eskutik. Asteartean, aldiz, Siria eta Jordaniari buruzko bidaia bat izango da hizketagai eta asteazkenean, David Maezturen Aizkora ahotsak goi mendietan.
Tigris Elkartearekin batera bi jarduera antolatu dituzte: Manuel Martorellen Kurdistan: viaje al país prohibido hitzaldia ostegunean izango da eta, bestalde, aste osoan zehar Kurdistan gaineko sei begirada erakusketa ikusgai izango da. Sei begirada hauek 42 argazkitan bilduta daude eta kazetaritzan izen handia duten zazpi profesionalen lanak bildu dituzte: José Luis Vidal, Rafael Magaña eta Manuel Martorell, Alfredo Cáliz, Íñigo Úriz, Karlos Zurutuza eta Pello Belaskoain.
Ostiraleko hitzaldia Kiwizibidaia izango da, Zelanda Berriari buruz, Mikel Bringasen eskutik.
Jarduera guztiak arratsaldeko 20.00etan izango dira eta doakoak dira.
sorrera Ibiltariaren astearen aurtengo edizioa lehenengo aldiz Intxaurrondoko kultur etxe berrian izango da, orain arte Ipar Haizea elkartearen egoitzan egiten zen eta.
Auzo elkartea 80. hamarkadaren bukaeran sortu zen, Intxaurrondo Hegoa auzoa sortzearekin batera. Elkarteko hainbatek Marokora bizikletan egindako bidaia baten ostean pentsatu zuten lehen Ibiltarien Astea ospatzea eta ordutik kontinente guztietara egindako bidaiak bildu dituzte intxaurrondotarrekin konparti-tzeko.