Síguenos en redes sociales:

Uxotegi gaztetxearen itxieraren kontra burrunbada eta manifestazioa deitu dute

alde zaharreko gazteek bihar eta etzi egingo dute protesta 'auzo bat, gaztetxe bat' lemapean

Donostia. Alde Zaharrean okupatutako eraikinean Uxotegi gaztetxea sortu zuten gazteek burrunbada batean eta manifestazio batean parte hartzeko deia luzatu dute, eraikinaren itxieraren kontra. Irailean sartu ziren Gaztelubide kaleko etxean eta astelehenean, epailearen aginduz, Ertzaintzak etxea itxi eta prezintatu zuen. Une horretan ez zegoen inor barruan.

Itxiera horren aurka gaztetxea sortu zutenek protesta egingo dute. Bihar 20.00etan Konstituzio plazatik abiatuko dute burrunbada eta ostiralean, 18.00etan, manifestaziorako deia luzatu dute Bulebarretik eta Auzo bat, gaztetxe bat lemapean.

"Urte luzez ez dugu gure aisaldia garatzeko gune finkorik eduki, gure irtenbide bakarra tabernetan kon-tsumitzea izan da. Honi irtenbidea emateko okupatu genuen Uxotegi gaztetxea", diote Alde Zaharreko gazteek.

Okupazioaren auzia epaitegietan dago une hauetan eta, gainera, gertatutakoa ikertzeko komisio berezia ere osatu dute Udalean.