'Hautsa kenduz', hamaikagarrenez
altzako historia mintegiak tokiko historiari buruzko aldizkariaren ale berri bat argitaratu du
"bESTE behin, Hautsa Kenduz aldizkariak gure historiari begira jarriko gaitu", diote altzatarrek. Altzako Historia Mintegiaren (AHM) eskutik, tokiko aldizkari honen 11. alea kaleratu berri dute, "historiaurretik gaur egun arte" Altzaren bizipenak jaso eta zabaltzeko asmoz.
Hilaren 16an aurkeztu zuten aldizkari berria Tomasene kultur etxean. Liburuaren orrialdeetan, beti bezala, historiak badu lekurik, baina baita egungo Altzak ere eta, beti bezala, baita auzotarren sormenek eta ekarpen pertsonalek ere. Ametzagaina parkean historiaurrea, XVIII. mendeko gertaerak, karlistadak eta Gerra Zibila ditu hizpide, besteak beste, Hautsa Kenduz berriak. Horiekin batera, Herrerako crossa, emakumeen institutua eta inguruko errotak aztertzen dituzten artikuluak ere bai. Eta Larratxoko argazkiek, Trintxerpeko txistulariek eta Juantxo Koka pilotariak ere badute lekurik aldizkari altzatarrean.
Ale berri hau osatzeko lanetan hainbat auzotarrek hartu dute parte: Joan Mari Irigoien idazlea, Iñigo Landa eta Antxon Aguirre Sorondo, esaterako, Altza osoko beste hainbat lagunekin batera.
Eta liburuaren azala osatzeko "garai klasikoetara" jo dute oraingoan: "Erromatarrak, zeregin bat arrakastaz amaitu ondoren edo egitasmo berri bat egoki hasi nahi zutenean, Jano jainkoaren tenplura joaten ziren opariak egitera. Jano buru biko jainkoa zen, aurpegi bat iraganari begira zeukan bitartean, bestearekin etorkizunari begiratzen zion. Jainko haren irudia hartu dugu Hautsa Kenduz honen azalerako".
dagoeneko eskuragarri
1988. urtetik
Ale berriaren aurkezpenarekin Altzako Historia Mintegiak aurten ospatu dituen 25 urteen ospakizunak amaitutzat eman dituzte altzatarrek eta, hain zuzen, taldearen urteurrenari eskaini diote hitzaurrea: etorkizunari begira aurrez aurre topatuko dituen eginbeharrei buruzko gogoeta planteatzen du.
Taldea 1986.ean sortu eta berehala ekin zion Hautsa Kenduz aldizkariari: 1988. urtean kaleratu zuten lehen alea, Altzaren memoria eta historia berreskuratzeko eta egungo altzatarrei agertzeko asmoz. Donostiaren parte bihur-tzearekin batera, Altzaren memoria hori gal zitekeela eta ekin zioten lanari garai hartan AHM sortu zuten lagunek, hain zuzen, iraganari hautsa kentzeko asmoarekin.
1994. urtera arte ez zuten bigarren alerik atera baina, ondoren, bi urtean behin, gutxi gorabehera, aurkeztu dute Hautsa Kenduz berri bat. Azkena, orain arte, 2009. urtean kaleratutakoa izan zen.
Ale berria, hamaikagarrena, hilaren 16an aurkeztu bazuten ere, oraindik altzatarrek badute eskuratzeko aukera, etxean dauzkaten aurreko zenbakiei gehitzeko. Tomasene eta Casares kultur etxeetan lortu dezakete argitalpena, sei euroren truke.