Síguenos en redes sociales:

"Donostian jendeari kalean naturaltasunez dantzara ateratzea kosta egiten zaio"

Jose Ignazio Ansorenak ohi bezala Donostiako Txistulari Banda zuzenduko du larunbatean ekitaldi berezi batean. Arkaitz, Kresala eta Eskola dantza taldeekin batera, 18.00etan, Konstituzio plazan, orain dela urte asko egiten zen dantzaldi bat berreskuratuko dute: umeen soka dantza

"Donostian jendeari kalean naturaltasunez dantzara ateratzea kosta egiten zaio"

donostia. Urtea ez duela zehazki oroitzen aitortu du. Jose Ignazio Ansorena gazte hasi zen Donostiako Txistulari Banda zuzentzen eta "30-35 urte inguru" daramatza lan horretan. 2010-2011 ikastaroaren baitan banda honek 144 emanaldi inguru egin ditu -alborada arrunt eta bereziak, ohiko kon-tzertuak eta bereziak, ekitaldi bereziak, protokolarioak eta bestelako saioak barne-. Etzi, Konstituzio plazan, 18.00etan, eguraldiak ahalbidetzen badu behintzat, beste ekitaldi bat izango dute. Arkaitz, Kresala eta Eskola dan-tza taldeekin batera urteetan ospatu ez den umeen soka dantza berreskuratuko dute. Gero, gainera, erromeria izango da.

Nola sortu zen umeen soka dan-tza berreskuratzeko ideia?

Ea egiten den, larunbaterako eguraldi txarra iragarri dute eta. Hainbat pertsonekin hitz egin eta esan zidaten beraiek gogoan zutela lehen egiten zela umeen soka dantza. Ez zekiten egun jakin batean egiten zenik. Gerora, jakin dut beste hainbat herritan ere egiten dela eta egin izan dela. Iruditu zitzaidan euskal dantzak ikasten ari diren umeentzat aukera polita zela, zaletasun hori sendo-tzeko. Bestetik, gaur egun Donostian euskal dantzak irakasten ari diren maisuek beraien artean zerbait elkarrekin egiteko aukera ona da.

Zenbat dantza taldek hartuko dute parte?

Lehenik Bagera euskaltzaleen elkarteari proposatu nion eta haiek bideratu zuten asmoa. Aurten hiru taldek eman dute baietza: Arkaitzek, Kresalak eta Eskolak. Badira beste talde batzuk berandu jakin dutenak edo, eta prest daude beste batean parte hartzeko.

Umeen soka dantza San Juanetan egiten den gizon dantzaren antzekoa da?

Parekoa da. Aldaera asko egon daitezke esku dantza edo soka dan-tzan. Maila desberdinak daude. Nork abiatzen duen soka, hor dago diferentzia. Gauza oso zeremonial bat izan daiteke, adibidez, Udaleko ordezkariek egiten dutena bezala, halako egun jakinetan. Gero, edozein kuadrila atera daiteke. Neskak atera daitezke, Neskatxena deitzen zaio, orduan. Haurrak ere atera daitezke, noski. Ume-umeak ezin dira izan. Sei urteko ume batek ezin du halakorik dan-tzatu. Neska-mutil koskorrak behar dute izan.

Euskal dantzetan aritzeko ohitura galdu da?

Ez nuke esango galdu denik. Euskal Herriko herri txikienean ere badago euskal dantzari talde bat, eta oso maila onekoa gainera. Dantzari taldeena ez da galdu.

Arazorik bada, orduan?

Arazo handiena dago kaleko errometietan eta horrelakotan dagoen parte-hartzean. Jendea lotsatu egiten da, batzuk ez dakite nola egin. Oro har, egun jendeak ez dauka naturaltasunik kalean dantza-tzeko. Taberna batean edo ostiral batean zerbait hartuta bai, baina bestela kosta egiten da. Larunbatean esku dantzaren ondoren, erromeria programatuta daukagu. Gure ahalegintxoa egiten dugu eta badaude hainbat talde horretan ari direnak eta emaitza polita izan ohi da. Harrigarria izaten da nola bertako jendeari lotsa ematen dion, baina guiri koadrilak sartu egiten dira dantzan: ez dakite ezer, baina ederki pasatzen dute.

Beraz, donostiarrei dantzara ateratzea kostatzen zaie.

Donostia eskaparate moduko hiri bat da, pitimini samarra. Naturaltasun hori lortzea kosta egiten da.

Donostian antzina egiten ziren ekitaldiak galdu dira?

Galdu aditza erabiltzen dugunean badirudi zerbait txarra gertatu dela. Eta hori ez da egia. Bizitzan etengabe sortzen ari dira gauza berriak eta lekua egiteko lehengo zaharrak bota behar dira. Aukeraketa bat egiten da eta onena gordetzen da. Beste gauza batzuek balio sentimentala dute, memoriak irauten duen bitartean bakarrik. Memoria ez da guk uste dugun bezain luzea. Badago, gainera, prebentzio bat etorkizunari eta ezezagunari beldurra diogulako. Begiratu egiten da daukagunetik zer den aprobetxagarria eta horri ekiten zaio. Egia da elementu batzuk mantendu egiten direla, eta zergatik? Baliagarriak direlako.

Eta doinu modernoak ere badira?

Guk tankera guztietakoak jotzen ditugu: fandangoak, kontradan-tzak, balsak, pasodobleak... Oso jatorri ezberdinak dauzkate. Ez zaie muzinik egiten kanpoko doinuei edo doinu modernoei. Batez ere garrantzitsua da kalean ari-tzea, jotzea eta dantzatzea. Kalea gune publikoa da, hor guztiok elkartzen gara. Kalea garen bezalakoak azaltzeko lekua da: gorpu-tza mugitzen, disfrutatzen, ongi pasatzen, harremanak izaten... Kalean den bezala agertzeko beldurrez dagoen gizartea ez dago oso sano, ez dago osasuntsu.

Gazteek txistuarenganako interesa mantentzen dute? Erreleborik baduzue bandan?

Bai. Momentu honetan txistu ikasle asko dago Euskal Herrian. Eta ez bakarrik hemen. Esango nuke Euskal Herritik kanpora ere badirela. Txistu-danbolinaren, esku bakarrez jotzen den flauta eta danbolintxo horren eredua Europa eta mundu osoan hedatuta dago. Hemen bultzada berezia eman zaio. Europan eta munduan Euskal Herrian egin denarekin oso interesatuta daude. Askotan etortzen dira eta harrituta geldi-tzen dira. Kontsumoko musikatik haratago badago bizitza musikalik, nahiz eta komunikabideek adierazi punta-puntakoa ez denak ez duela bizitzarik.