Donostia. "BUELTAKA eta bueltaka, denbora dezente pasa dezakezu hemen inguruan leku bila", aitortu du Jose Luis Muñoak Bidebieta inguruan. Auzoan eta Trintxerpe aldean aparkatzeko arazoa larria dela onartu du eta, horregatik, pozik hartu du aparkaleku berriaren albistea.
Pasaiako portua biziberritzeko proiektuen baitan, Jaizkibia elkarteak berriki iragarri zuen Gomistegiko biribilgunetik gertuen dauden lurretan 176 autoentzako aparkaleku libre eta irekia prestatuko dutela. Ondoan, gainera, 1.500 metro karratuko parke bat ere eraikiko dute, umeentzako jokuekin, Correosetik gertuago dagoen lur sailan.
Bidebietako bizilagunentzat aparkaleku berria "behar-beharrezkoa" da. "Hemen, garajerik ez badaukazu, ezin da. Nik badaukat, baina ikusten ditut bueltaka orduak ematen dituztenak", aitortu du Juan Montero auzotarrak.
"Nik ez daukat garajerik eta arazoak ditut egunero aparkatzeko", gaineratu du Coro Navarrok, Gomistegi kaleko bizilagunak. Askotan, besterik ez dagoela eta zamalanetarako lekuetan edo uzten duela ere onartu du, "eta goizeko 7.00etarako kendu behar duzu gero isuna ekiditeko", azaldu du.
Arazoa, batez ere, eguerdi partean eta iluntzean izaten dela bat egiten dute bidebietarrek.
Haiek ez ezik, Trintxerpeko herritarrek ere erabiliko dute aparkalekua, inguru horretan ere aparka-tzea zaila baita. Hain zuzen, Trintxerpen etxe inguruan lekurik ez dutenek Bidebietako kaleak ere betetzen dituztela kexu izan dira azkenaldian donostiarrak. Hala, hemendik aurrera parkinga erabili eta auto horiek auzotik aterako direla uste dute.
Gomistegi ondoan dagoen Gaiztarro inguruan ere autoa non utzi arazoa da. Bertan garajeak egiteko proiektu bat aurkeztu zuen Udalak duela urte batzuk, baina eskaria ez omen zen nahikoa izan eta bertan behera geratu zen egitasmoa. Hala, arazoak bere horretan dirau, baina inguru horretako gidariek ere aparkaleku berrira jotzeko aukera izango dute.
portuaren biziberritzea
Behin-behinekoa
Momentuz lur horiek hesiekin itxita daude, baina aparkalekuaren eraikuntza onartuta dago eta epe laburrean hasiko dira lanak. Dena den, Jaizkibia elkartekoek adierazi dutenez, erabilpen hori behin-behinekoa izango da, Pasaiako portu osoa biziberritzeko proiektu orokorren zain.