Donostia. Donostia Kirolak udan antolatutako ikastaroetan partaidetzak gora egin zuen. Zehazki, ia 12.600 lagunek hartu zuten parte udal patronatuak hiriko 30 kluben laguntzarekin antolatu zituen kirol jardueretan: 2010.ean baino 450 partaide gehiago izan ziren.

Horietatik 16 urtetik beherakoak izan ziren gehienak, 10.623, guztira. 17 eta 29 urte arteko 776 lagunek ere hartu zuten parte eta baita 30 urtetik gorako 1.168 pertsonek ere. Datu horiekin udako kirol jardueretako gorako joera berreskuratu da, 2010.ean izandako jaitsieraren ondoren.

Gainera, uztailean batez ere izandako eguraldi kaskarrak eragina izan zuela emaitzetan nabarmendu dute Donostia Kiroleko arduradunek, ikastaroetan izena eman zuten 700 lagunek baja eman zutelako.

Jarduera bakoitzeko partaide-tzari dagokionez, igeriketak jaun eta jabe izaten jarraitzen du eta pasa den udan 2.276 gaztek egin zuten ikastaroren bat. Bigarren ekintza, partaide kopuruari dagokionez, surfa da, 2.009 jarraitzaileekin. Tenisak (1.884) eta piraguismoak (1.501) ere lortu zuten lehen postuetan kokatzea.

adinaren arabera Eskolaumeen mailan ere, orokorrean bezala, igeriketa da gehien eskatzen dena, tenisaren eta kirol anitzen aurretik. Dena den, kirol anitzen aukera da azken urteotan igoera handiena izan duena.

17 eta 29 urte artekoen artean surfa da aukera arrakastatsuena: kirol ikastaroetan parte hartu zutenen %42,5ek surfa egin zuen. Ondoren, piraguismoa da gehien eskatu zutena, %21ek praktikatu baitzuten.

30 urte baino gehiago daukatenen artean, berriz, piraguismoak lortu zuen lehen postua eta ondoren zetozen surfa, padela eta tenisa.

Donostia Kirolarekin batera, hiriko 29 klubek eta kirol federakuntza batek hartu zuten parte ikastaroen antolakuntzan. Fortuna Kirol Elkartearen jarduerek 2.165 partaide izan zituzten; Tenis elkartearen ekin-tzek, 2.006 partaide; Bera Berak, 1.458 lagun; eta Atletico-SS elkarteak, 1.433 parte-hartzaile.