Askagintzan aritu da lanean azken urteotan Sampedro, droga mendekotasunaren prebentzioan. "Lan talde oso potente bat sortu genuen eta gogotsu ari ginen", aitortu du zinegotziak. Horregatik, Donostiarako Bilduko listetan aurkezteko proposatu ziotenean asko pentsatu behar izan zuela dio: "Oso aukera polita eman zidaten Askagintzan proiektu bat aurrera eramateko eta pena handia eman zidan taldea uzteak". Hala ere, haiei laguntzen jarraitzen du noizbehinka eta datorren asteburuan Usurbilgo jaietan jarriko duten alkoholimetroan lanean arituko da. Kanpainatik gaur arte guztia oso azkar pasatzen ari dela ere aitortu du, eta "oso emozionala" izaten ari dela: "Jendeak transmititzen digun sentimenduak eta gogoak laguntzen digu". San Joan bezperako Gizon Dantzan, esaterako, ileak puntan zituela sartu zen Konstituzio plazan, gainerako zinegotziekin batera: "Malkoak ere atera zitzaizkidan eta ezin nituen garbitu esku dantzan ari ginelako!". Pertsonalki gogorra ere bada aldaketa, hiru urteko haur bat dauka eta: "Errutina erabat aldatu zaio".
- Multimedia
- Servicios
- Participación
