Donostia. Bizarrain elkarteak Altzako postontzietan jasotako iragarkien azterketa linguistikoa egin du eta haien publizitatean euskara gaztelaniaren neurri berean erabil dezaten eskatuko die auzoan kokatutako enpresa eta dendei. Horretarako sinadurak biltzen ari dira altzatarrak: Herrerako jaietan bildu zituzten batzuk eta Altzakoetan jarraituko dute asmo horrekin.

Bizarrainen azterketaren arabera, 54 iragarki jaso zituzten iaz eta horietatik 20 euskaraz egokituta bazeuden, baina beste 34 kasutan euskal hizkuntzaren presentzia hutsa edo oso txikia zen.

Erabilera "testimoniala" zuten, esaterako, Media Markt, Leroy Merlin, Dia, Feu Vert, Forum Sport eta Telepizza enpresetako iragarkiek. Euskarazko hitzik gabe, ordea, ondorengo enpresen publizitatea jaso zuten: Toys 'r' us, Aki, Coviran, McDonald's, BM, Grupo Eibar, Arriberri Formación, Seco eta Higitu! elkartearena, Bizarrain elkarteak burututako azterketaren arabera.