Donostia. Zaila izan da Donostiako diagnostiko bat egitea?

Zaila izan da, zortzi urte pasa direlako udaletxetik bota gintuztenetik. Gure jarduera aurrera eramateko informazioa falta izan zaigu. Dena dela, gauza izan gara zortzi urte hauetan jarraipen minimo bat egiteko udal bizitza politikoari. Ezagutzen genituen Donostian gaur egun dauden arazo larriak: etxebizitza, politika soziala, euskara, parte hartzea...

Nola egin daiteke politika udaletxetik kanpo?

Konpromisoaren bitartez, bai Euskal Herriarekin eta baita Donostiarekin ere. Zaila izan da, eta zen-tzu horretan balorazio gazi-gozoa egiten dugu. Alde batetik, gazia, ikusten dugulako Udalean dauden talde politiko gehienek esaten dutelako Alderdien Legearen aurka daudela, baina azken zortzi urte hauetan ez dute pausu txikirik ere eman legearen eragina leuntzeko. Alderdi gozoari dagokionez, gai izan gara bizitza poliltikoari jarraipena egiteko. Alegazioak eta mozioak aurkeztu ditugu; ordenantzak eta aurrekontuak ere aztertu ditugu.

Aipatu duzu informazioa falta izan zaizuela, arazo handi bat da?

Ez guri bakarrik. Donostiako eragile sozialei ere informazioa falta zaie. Odón Elorzaren eredua hitzez parte-hartzailea da, baina ekintzez ez da hala. Ez dago hartu eman bat, Udala eta herritarren artean. Guretzat parte hartzea ardatz nagusi bat da.

Egun, nola ikusten duzue Donostia?

Arazo larriak daude eta batzuetan ezkutatu egiten dira. Adibidez, krisi garaian desorekak gero eta handiagoak dira: aberatsak gero eta aberatsago, eta probreak gero eta pobreago. Etxebizitza prezio garestienak ditugu Donostian, ez bakarrik Estatu mailan, Europa mailan ere bai. Sekulako eragin negatiboa du honek. Gazteak Donostialdera bizitzera joan behar dute, Donostian bizitzea oso zaila delako. Etxebizitza eskubidea ez dago bermatua. Azken 20 urteetan izan den politikaren ondorio da.

Eta euskarari dagokionez, nola dago hiria?

Kontuan izanda Donostia hirigune euskalduna dela, Udaletik ez da zaintzen euskara. Legeak esaten duena betetzen du, baina ez dugu sentsibilizazio-kanpainak egiteko motibaziorik ikusten.