Síguenos en redes sociales:

"Auzoka"ren diseinu eta eduki berriak aurkeztu dituzte aldizkariaren 25. urteurrena ospatzeko

eskolen argitalpenaren webgunea ere berritu egin du donostiako euskararen patronatuak

Donostia. Auzoka gaztetxoen eskola aldizkariak 25 urte bete ditu. Efemeride hori ospatzeko, Euskararen Udal Patronatuak goitik behera aldatu ditu argitalpenaren diseinua eta edukia.

Gainera, Sorkuntza Bideo Lehiaketa martxan jarri dute: gazteek gehienez hiru minutuko bideo bat grabatu behar dute, haien trebetasunak erakutsiz. Bideoak banaka edo taldean aurkez daitezke, apirilaren 15era arte. Parte-hartzaileek LH5, LH6, DBH1 eta DBH2ko ikasleak izan behar dute.

Donostiako Euskara zinegotzi Ainhoa Beolak atzo azaldu zuenez, aldaketa horien guztien helburua "Auzoka hamar eta hamahiru urte bitarteko haurren erreferentziazko aldizkaria izatea" da. Hau da, Euskararen Patronatuak argitalpenaren irakurleen adin tartea murriztu egin du, lehen sei urtetatik 18ra bitarteko publikoari zuzenduta baitzegoen.

Diseinu eta eduki berriekin argitalpena "erakargarriagoa" egiten saiatu direla gaineratu zuen Beolak. Gaiei dagokienez, zinema, teknologia berriak, elkarrizketak, denbora pasak eta beste hainbat afera jasotzen ditu, beti ere, gazteei interesantzen zaizkien kontuak.

Egun 21 ikastetxek hartzen dute parte Auzokaren elaborazioan. Hamar eta hamahiru urte bitarteko umeak dituzten eskola guztietan banatzen da, baita gune publikoetan ere. Urtean lau zenbaki argitaratzen dira eta 7.000 kopia egiten dira bakoitzetik.

internet Gaztetxoak teknologia berrien erabiltzaileak direnez, Auzokaren webgunea (www.auzoka.net) ere berritu egin du Euskararen Donostiak, orrialde "dinamikoa" eta "parte-hartzailea" izan dadin.

Gainera, Auzokak Facebook (www.facebook.com), Tuenti (www.tuenti.com) eta Twitterreko (www.twitter.com) profilak ditu.