Donostia. Atzo Kaldereroen txanda izan zen eta, ohi bezala, gaurkoan Iñude eta Artzainek hartuko dute dantza, musika eta kantuen lekukoa. Alde Zaharrean Kresala taldekoak arituko dira. 12.00etan Euskal Herria kaletik abiatu eta Aldamar, Bulebarra, Kale Nagusia eta Alde Zaharreko beste batzuk zeharkatuko dituzte Konstituzio plazara bidean, han haien antzezpena egingo baitute.

Baina beste auzoetan ere izango dira iñude eta artzainak kalez kale. Grosen, esaterako, 11.30ean abiatuko dira Txofre plazatik Artaiñu konpartsakoak, eta hiru ordutan zehar jarraituko dute kantuan eta dantzan auzoko kaleetan zehar. 14.30ean Nafarroa Beherea plazan bilduko dira ikuskizuna amaitzeko.

antigua eta amara Beranduxeago, 12.30ean, irtengo dira Antigua auzoan Antiguotarrak Dantza Taldekoak. Alfontso XIII.etik Matia kalea, Gaskuña plaza, Benta Berri Maestro Guridi, Juan de Garay, Escola Real eta Mikeletes kaleak zeharkatuko dituzte, eta frontoian amaituko dute ikuskizuna.

Amaran ere izango dute Sarrieguiren kantuak entzuteko aukera. 12.00etan Amezketa plazatik abiatuko dira Ikasbidekoak eta Amara Berri eta Amara Osinagako inguruak bisitatuko dituzte.

Iñude eta Artzainen lehen konpartsa 1885. urtean atera zen kalera, Kandelariaren egunean, hain zuzen ere, eta Inauterien baitan ospatzen zen hitzordua izaten zen. Kresalak 1977.ean berreskuratu zuen ohitura hori.