Donostia. Urtero bezala, San Agustin eguna erromeria handi batekin ospatuko dute larunbatean Artikutzan. Atzo Donostiako Udaletik jakinarazi zutenez, hi-tzorduak 11.00etatik aurrera hasiko dira ohiko meza eta Egi Eder otxotearen kontzertuarekin. Ondoren, eguerdi partean, Goizueta eta Oiartzungo gazteek pilota partidak jokatuko dituzte eta, bazkalostean, Andoni Egaña eta Sustrai Colina bertsolariek saioa eskainiko dute.
18.00etan, berriz, aizkora erakustaldia izango da Larretxea aita-semeak, Mugerza eta Arrospideren eskutik eta jarraian, Lapazaran eta Tubi Iparraldeko jokoak antolatuko dituzte. Amaitzeko, 19.00etatik aurrera, berbena egongo da Naima taldearekin.
Hori guztiaz gain, goiz-goizetik hasita, hainbat artisauek beren produktuak salduko dituzte, baita taloak, gazta, erroskilak eta bertako beste hainbat produktu ere.
San Agustineko erromeria dela eta, bi taberna irekiko dituzte Artikutzan eta, urte osoan ez bezala, bisitariei herriraino autoz ailegatzen utziko diete.
Izan ere, urteko gainerako 364 egunetan debekatuta dago Artikutzara kotxez joatea. Hori egiteko modu bakarra, Donostiako Udalari 010 telefono bidez baimen berezia eskatzea da. Edonola ere, finka honetara beti dago txirrindaz edota oinez bertaratzeko aukera.