Donostia. Hilaren 9an inauguratu zen Dandai Emakumeen Elkartearen pintura erakusketa gaur amaituko da Egiako kultur etxean hiru astez jendaurrean egon ondoren. Hori dela eta, koadroak ikusteko interesa daukatenek 10.00etatik 13.30era eta 16.00etatik 21.00etara joan ahal izango dute Baztan kaleko 21. zenbakira.
Horrez gain, datozen egunetan izango da egitekorik Egian. Asteartean, esaterako, Ian Sveloniusen Chain & Gang taldearen kontzertuaz gozatzeko aukera izango da Bukowski tabernan. Donostikluba zirkuituaren baitan antolatutako hitzordua 20.00etan hasiko da eta sarrera doakoa izango da.
Egiako kultur etxetik jakinarazi dutenez, Aste Santuko opor egunak direla eta lan ordutegia aldatu egingo dute. Horrela, apirilaren 9ra arte, astelehenetik ostiralera 10.00etatik 14.00etara zabalduko dute egoitza. Salbuespena asteartetan izango da, 10.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 19.00etara lan egingo baitute.