Síguenos en redes sociales:

Kontadoresek sei ikastaro eskainiko ditu hiruhilabete honetan

Ehu-ko ikasleek aukera askeko kreditoak lortu ahal izango dituzte, baldintzak betez gero

donostia. Datorren hiruhilabete honetarako Kontadoresek sei ikastaro antolatu ditu, 18 eta 30 urte arteko 81 gazte donostiarri zuzendutakoak. Izena emateko epea atzo bertan ireki zuten eta aurten, lehen aldiz, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikasleek aukera askeko kreditoak lortu ahal izango dituzte, saioetan parte hartu eta baldintzak betez gero.

Horrez gain, ikastaroen artean bi dira proposamen berriak: Street Dance eta Ordenagailu bidez sortutako musika. Lehenengoari dagokionez, izena ematen duten gazteek New Style estiloak landu eta bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute. Horrez gain, ragga, popping eta lockinga eta hip-hop kulturarekin zerikusia duten gaiak ere landuko dituzte ikasleek. Street dance ikastaroa martxoaren 4a eta maiatzaren 20a artean egingo da eta saioak ostegunetan izango dira, 18.30etik 20.30era. Matrikulak 40 euroko kostua izango du.

Ordenagailuz sortutako musika ikastaroko saioak, bestalde, martxoaren 1a eta maiatzaren 10a bitartean izango dira, astelehenetan, 18.30etik 20.00etara. Matrikulak 40 euro balio ditu eta audio-digitala edo home-studioa zer den eta beren musika-konposizioak edo nahasketak sortu nahi dituen gazte orori dago zuzendurik.

eskaintza zabala Hala ere, beste lau ikastaro ere antolatu dituzte Kontadoresen udaberrirako: funky dantza estiloa, sukaldari-tza, erretratu eta argazki digitalaren inguruan, hain zuzen ere.

Saioak martxoa eta maiatza artean izango dira, goiz zein arratsaldeko ordutegian eta 30 eta 50 euro arteko kostua izango dute guztiek. Hala ere, prezioak gazteei ahalik eta egokien atxikitzeko, matrikularen %25 itzuliko zaie %70eko asistentzia dutenei.

Informazio gehiago nahi izanez gero, www.donostiagaztea.org orrialdea kontsulta dezakete interesatuek.