Deustok EAZko gradu amaierako lan onenak saritu ditu
'Bideragarritasun azterketa: Soran Etxea berriro irekitzeko plana' izenekoa izan da Sebastián Iruretagoyena saria jaso duena
Donostia, 2025eko ekainaren 30a. Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko Deusto Business School- Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateak “Sebastian Iruretagoyena saria eman dio gaur 2024-2025 ikasturteko EAZko Gradu Amaierako Lan onenari”. Lan saritua “Bideragarritasun azterketa: Soran Etxea berriro irekitzeko plana” izenekoa da, Ane Ibarbia Garate, Josu Igoa Lopez de Aguileta eta Iker Perez Gastañagak egina. "EAZko 2024-2025eko Gradu Amaierako Laneko Analisi Ekonomiko-Finantzario onenaren Sebastian Iruretagoyena saria”, bestalde, “FUNDACIÓN ARTIZARRA: Diseño de producto financiero dirigido a pymes destinado a proyectos empresariales” lanak jaso du, Lucia Montero Muñozek, María Chavrier Cesterok eta David Louzán Francesek egina.
Sari honekin Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza (EAZ) Donostiako campusean egiten ari diren ikasleek Gradu Amaierako Lanean egindako ahaleginak aitortu eta sustatu nahi dira. Era berean, Sebastián Iruretagoyena irakaslea goraipatzea ere badu helburu, funtsezkoa izan baitzen Gipuzkoa inguruko ikasleen, zuzendarien eta enpresaburuen prestakuntzan. Iruretagoyena kontabilitateko, finantza analisiko eta finantzetako irakasle izan zen eta Gipuzkoako lehenengo MBA exekutiboaren zuzendari. Saria Sebastián Iruretagoyena ESTEko irakasle zenaren lagunek eta familiak sustatu zuten eta 2021etik aurrera, ALCE Fundazioak hartu zuen haren ardura.
Jose Juan Ijurko ALCE Fundazioaren presidenteak eta David Iruretagoyena Sebastian Iruretagoyenaren semeak finalista guztiek egindako lana aitortu zuten eta irabazleak zoriondu zituzten. Asun Ibáñez Deusto Business Schooleko Donostiako campuseko dekanordearen hitzetan, sariak Deusto Business Schoolen (DBS) Misioa eta Balioak nabarmendu nahi ditu. ESTE Deusto Business Schoolen integratu zen eta erakunde horren helburua da profesional arduratsuak prestatzea, testuinguru globalean enpresa proiektu jasangarriak sustatu eta gidatzeko gai izango direnak, gizarte oparoagoa, zuzenagoa eta inklusiboagoa eraikitzeko. Eta hori diziplina askotako jakintza sortuz egin nahi du, beste eragile batzuekin elkarlanean, gizartearen erronka nagusiei erantzuten laguntzeko. Sariak Sebastián Iruretagoyena zena gogoratu nahi du, 2009an hil zena. Iruretagoyena irakasleak ikasleen oroimenean jarraitzen du, enpresa jardueran aritzen diren guztientzat ezinbesteko gaiak lantzen zituelako. Kontabilitate eta finantza analisian espezialista zen eta ikasleek zenbakien atzean zer dagoen ikasten zuten. Hasieran hizkuntza kriptikoa zena, haren eskolen ondoren funtsezko tresna bihurtzen zen askorentzat.
Sariaren epaimahaia honakoek osatu dute: Asun Ibañez andrea (Deusto Business Schooleko Donostiako campuseko dekanordea, Álvaro de la Rica dekano jauna ordezkatuz), Cristina Iturrioz Landart andrea (EAZko Gradu Amaierako Lanen koordinatzailea Donostiako campusean), Rosa Cristobal andrea (DBSko Finantza eta Ekonomia Saileko kidea), David, Amaia eta María Iruretagoyena jaun-andreak (Iruretagoyena familiaren izenean) eta José Juan Ijurko jauna (ALCE Fundazioaren presidentea). Lanak aztertzeko orduan, ikuspegi akademikoaz gainera, ekonomia, gizarte eta ingurumen eragina balioetsi dute, baita Unibertsitateaz kanpoko eragileekin elkarlanean aritzea ere. Zehazki, Deusto Business Schoolen Donostiako campuseko gradu amaierako proiektuen % 85 baino gehiago benetako enpresa erronkak lantzeko egiten dira, bai ikasleek enpresekin enpresak planteatzen dizkieten behar espezifikoak landuz, bai enpresa ekimen berriak sortzeko negozio planak garatuz.
Sari honen hautagai izan daitezke ikasturte honetan Deusto Business Schooleko Donostiako campusean EAZko Gradu Amaierako Lana irakasgaian matrikulatuta dauden ikasle guztiak. Saria 2.000 eurokoa da EAZkok Gradu Amaierako Lan Onenarentzat eta 1.000 eurokoa, ekonomia eta finantza analisirik onena duen EAZko Gradu Amaierako Lanarentzat.
Más en Deusto
-
Deusto: un cuarto de siglo formando comunicadores
-
“En el caso de la vivienda, el problema de base no es que los jóvenes necesiten más deducciones fiscales, sino la falta de oferta y los precios”
-
La ministra Yolanda Díaz afirma en Deusto que "no hay trabajo más importante que el de los cuidados"
-
Deustu eta Arantzazulab elkarlanean ari dira Demokrazia, Erakunde Publikoak eta Berrikuntza Masterraren esparruan