Deusto Business Schoolek eta Bankoa ABANCAk “JUAN JOSÉ ETXEBERRIA BANKOA ABANCA - Deusto Business School praktika programa, enpresa txiki eta ertainei merkatu berrietan hazten laguntzeko” barne hartzen duen akordioa sinatu dute, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean. Akordioak erakunde sinatzaileek hezkuntzarekin, talentua bultzatzearekin eta enpresa txiki eta ertainen jarduerari laguntzearekin duten konpromisoa islatzen du. Akordioa sinatu dute Jesús Suárezek, Bankoa ABANCAko zuzendari nagusiak, eta Álvaro de la Rica, Deusto Business Schooleko dekanoak.

Programa honen helburua da Deusto Business Schoolen Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza eta titulu propioren bat egiten ari diren ikasle batzuei praktikak eskaintzea, Bankoa ABANCAk finantzatutako laguntza poltsarekin, merkatu berrietan hazteko proiektuak lantzen ari diren eta talentu gaztea erakarri nahi duten EAEko, Nafarroako eta Errioxako enpresa txiki eta ertainetan.

Programak zuzeneko bi onuradun ditu. Alde batetik, programa honetarako hautatuko DBSko ikasleak eta, bestetik, hazteko proiektua lantzen ari den enpresa, proiektu horretan lagunduko baitio ikasleak bere praktikaldian.

Juan José Etxeberriari buruz

Juan José Etxeberria Mutuberriak (1935) ardurako postuak izan ditu eta gure gizarterako garrantzi handiko proiektuak bultzatu ditu. Beti defendatu izan ditu balio etikoak, bizitzaren esparru guztietan. Ekonomia pertsona ardatz duen gizarte zientziatzat hartu izan du eta garai eta toki guztietako gizon-emakumeak jarri ditu ekonomiaren protagonista eta hartzaile. Praktiken programa honek bere izena darama, bere lan eta ibilbide osoa aitortzeko. Izan dadila gazteentzat inspirazio iturri, mundu hobeagoaren alde lan egiten jarraitzeko.    

Juan José Etxeberria Ekonomia Zientzietan lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean (La Comercialen) eta Zuzenbidean lizentziaduna, Deustuko eta Valladolideko Unibertsitateetan. Banco Industrial de Bilbaoko zuzendari nagusia izan zen eta Bankoako sortzaileetako bat. Erakunde horretako kontseilari ordezkari eta presidente exekutibo izan zen, 1988ra arte. 1988tik 1990era, Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipaleko arduradun nagusia izan zen eta, ardura horretatik, Miramongo Parke Teknologikoaren diseinua eta plangintza bultzatu zituen. Norborsa eta Biharko sortzen ere hartu zuen parte. 1990eko abenduan, Aurrezki Kutxa Munizipalaren eta Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialaren arteko bat egitea sinatu zuen. Bat-egite horretatik sortu zen Kutxa. 1992an, Luzaro partaidetzazko maileguen sozietatea sortzen parte hartu zuen. 1994tik 2022ra ESTEko MBAren zuzendari izan zen. Deustuko La Comercialeko Lizentziadunen Elkarteko eta Donostiako Orfeoiko presidente izan zen, baita Eusko Ikaskuntzako batzorde exekutiboko kide ere. Gaur egun, Bankoa ABANCAko Aholku Kontseiluko burua da.

Deusto Business Schooli buruz

1916az geroztik, Deusto Business Schoolek prestakuntza global, integral eta praktikoa eskaintzen du, gure enpresa komunitatearekin estuki lotua, pertsonei beren bizitza pertsonal eta profesionalean zeharreko ikaskuntzan lagunduz Deusto Business Schoolek bi campus (Bilbon eta Donostian) eta egoitza bat (Madrilen) ditu. Campus horietan eskaintzen ditu graduko, masterreko, doktoregoko eta exekutiboentzako prestakuntzako (executive education) programak. Bikaintasunarekin eta etengabeko hobekuntzarekin dugun konpromisoaren erakusle, Deusto Business Schoolek AACSB (Association to Advance Collegiate Schools of Business) eta AMBA (Association of MBAs) elkarteen nazioarteko akreditazioak ditu, enpresen prestakuntzan munduko erreferentzia nagusietakoenak. 2025 Plan Estrategikoan, DBSk enpresa, instituzio eta erakundeekin lankidetza sareak zabaltzea eta indartzea du helburu.

Bankoa ABANCAri buruz

Bankoa ABANCA ABANCA Corporación Bancaria SA enpresak Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Errioxan erabiltzen duen merkataritza marka da. ABANCA banku korporazioak Espainian eta Europako eta Ameriketako 10 herrialdetan du presentzia. Guztira 688 bulego ditu, horietatik 634 Espainian, eta 6.222 profesionalek osatutako lantaldea. Enpresak eta partikularrak kontuan hartuta, 2,2 milioi bezero ditu. ABANCAren banku jarduera balioetan oinarritzen da eta Gizarte Erantzukizuneko estrategia indartsua du. Haren bidez erakusten du gizartearekiko duen konpromisoa, bereziki kirola, kultura eta hezkuntza babestuz. Kokapen sendoa du enpresen esparruan eta interes bereziz indartu nahi du enpresa txiki eta ertainen artean duen presentzia.