Ostiral honetan, irailak 2, harrera ofiziala egin zaie Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusera 2022-2023 ikasturte honetako lehen seihilekoa ikastera etorri diren 155 ikasle atzerritarrei. Ikasleak 23 herrialdetatik etorriak dira. Hainbat truke programaren barne etorri dira Donostiara, herrialde hauetatik: Alemania, Ameriketako Estatu Batuak, Argentina, Austria, Belgika, Danimarka, Erresuma Batua, Finlandia, Frantzia, Herbehereak, India, Irlanda, Italia, Japonia, Kanada, Kolonbia, Letonia, Mexiko, Norvegia, Txekiar Errepublika, Txile, Suedia eta Uruguai. Gehienek Enpresa arloko ikasketak egingo dituzte, baina badira Komunikazioa, Turismoa, Gizarte Lana eta Hezkuntza ikastera etorritakoak ere. Irailaren 5ean izango da Bilboko campusera etorritako ikasleen ongietorri ekitaldi presentziala, campuseko Paraninfoan, eta irailaren 8an, onlineko ongietorria izango da. Guztira, 450 ikaslek baino gehiagok egingo dituzte ikasketak Bilboko campusean, bi modalitate horietan.

2022/23 ikasturteko lehenengo seihileko honetan, Deustuko Unibertsitateak atzerriko 600 ikasle baino gehiago hartuko ditu, graduko eta graduondoko ikasketak egiteko, 50 herrialdetatik etorriak. Ikasle gehienek eskolak modu presentzialean jasoko dituzte eta batzuek irakasgai presentzialak eta International Virtual Campuseko irakasgai birtualak konbinatuko dituzte. Izan ere, campus birtuala urrutitik egiteko irakasgai multzo bat baino gehiago da. Espazio digital bat da, mundu osoko ikasleei nazioarteko esperientzia edukitzeko aukera ematen diena, bi campusetako (Bilbo eta Donostia) eguneroko eta unibertsitateko bizitzaz gozatzeko, oso garrantzitsua nazioarteko mugikortasuneko esperientzian. Modalitate hau bosgarren urtez eskaintzen da aurten, eta gizarte inklusibitate handiagoa eragiten du. Zalantzarik gabe, etorkizunean unibertsitateko normaltasun berriaren parte izango da. Guztira 12 irakasgai birtual eskaintzen dira, 8 ingelesez eta 4 gaztelaniaz, zeharkakoak eta kultura askotakoak.

Honakoek hartu dute parte Donostiako campuseko ongietorri ekitaldian: Nekane Arzallus, Donostiako alkateordea; Fernando San Martín, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lankidetza arloko zuzendaria; Xabier Riezu, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campuseko errektoreordea; eta Alex Rayón, Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetako errektoreordea. Datorren astelehenean, hilak 5, nazioarteko ikasleek Nazioarteko Harremanetako Bulegoak antolatutako informazioa saioa izango dute eta unibertsitateko zerbitzu eskaintza ezagutu ahal izango dute. Gainera, campuseko bisita gidatua egingo dute, beren tutore akademikoek lagunduta. Hilaren 8an, Deusto Campusen informazio saioa izango da (fedea, elkartasuna, kultura eta kirolak), “buddiekin” topaketa eta Donostia hiria ezagutzeko bisita.