- Adrian Crowley (Irun, 1988) Bidasoako jokalariak eskubaloia utziko duela iragarri zuen atzo. Asobal Kopa Santanderren jokatu ondoren, ekainaren 5ean eta 6an, eskubaloia uzteko erabakia hartu du.

Crowleyren hitzetan, "bidasotar eta irundar" izanik "bere ametsa" bete omen du, eta "pasatzen utzi" ezin duen "lan aukera" baliatzeko eskubaloia uzteko erabakia hartu du; gainera, aita izateko atarian egoteak ez omen dio utziko "hurrengo denboraldirako mentalki prest egoten".

Jokalari irundarrak talde bidasotarrarekin urtebetez jarraitzeko eskaintza zuen mahai gainean.

Crowleyk eskerrak eman zizkien bere ibilbidean izandako "taldekide guztiei, teknikariei, medikuei eta zuzendariei", baita "Estatuko afiziorik onena diren Artalekuko zaleei ere".

2005/2006 denboraldian egin zuen debuta Asobal ligan Bidasoa-Irunekin eta hurrengo denboraldian Portland San Antoniok fitxatu zuen. 2012ko udan itzuli zen Irunera, talde horiarekin jokatu zuen bigarren etapan.

Crowleyk 235 partida jokatu ditu Asobal ligan, guztira 457 gol sartuz. 2006/2007 denboraldian jokatu zuen estreinakoz EHF Champions Leaguen Portland San Antoniorekin, eta Iruñeko taldearekin lau gol sartu zituen Europako txapelketa nagusian hamar partidatan; Errekopan, berriz, (2009/2010 eta 2010/2011) hamar partida jokatu eta 38 gol egin zituen.

Irunera itzulita, Velux EHF Champions Leagueko hamabi partidak jokatu zituen (17 gol), eta denboraldi honetan EHF European Leagueko hiru partidak jokatu ditu sei gol sartuta.