Luzapenean erabaki zen Iberdrola Ligako Eibarren eta Realaren arteko lehen derbia (2-2). Talde txuri-urdinak puntu bat lort zuen Franssik area ertzetik egindako jaurtiketa bikainari esker.

Bi talde gipuzkoarren arteko norgehiagokaren hasiera oso parekatua izan zen, eta batzuek zein besteek izan zituzten gola sartzeko aukerak. Korner batean Napok izan zuen buruz Eibarren lehen gola sartzeko abagunea, baina Barbarak ondo saihestu zuen atepean. Realzaleen erantzuna atearen gainetik ihes egin zuen Gemmaren errematearekin etorri zen, eta ondoren, Matlouk desbideratu zuen Nerea Eizagirreren erdiraketak Nataliaren ateko langa jo zuen. Donostiarrek gola hurbil zutela zirudienean, Eibar aurreratu zen markagailuan. Thembi Kgatlanak area inguruan baloia berreskuratu, Nanclares gainditu eta partidako lehen gola sartu zuen. Hegoafrikarraren abiadura da Eibarren erasorako baliabiderik onenetako bat, eta atzokoan, berriz ere, hondamena eragin zuen txuri-urdinen defentsan.

Atsedenaldiaren ostean eta markagailuak behartuta, Realak gol aukerak sortzen jarraitu zuen. Noeliak berdinketa saihestu zuen Nahikarik eta Nerea Eizagirrek egindako jaurtiketetan, baina Eibarrek ere Nanclares lanean ipini zuen kontraeraso batzuetan.

Amaierarako hamar minuturen faltan, Nerea Eizagirrek baloi bat pasa zion Gemmari, Noeliak haren jaurtiketa aldentzea lortu zuen, baina aldaratzea Kiana Palaciosen oinetara joan zen, eta honek, ezkerrez eibartarren atezaina gainditu eta berdinketa ezarri zuen.

Eibar, ordea, laster suspertu zen. Handik bost minutura Nuria Mendozak penaltia egin zion Thembiri, eta Llompartek, hamaika metroetatik, berriro eibartarrak aurretik jarri zituen. Bazirudien talde armaginak Athleticen aurkako derbian lortutako garaipena errepikatzeko aukera izango zuela, orduan ere azken segundoetan penaltiz gailendu baitzen. Realak ez zuen etsi ordea, eta luzapenean, Franssik bularrez kontrolatu zuen defentsa gorri-urdinaren aldara-tzea eta, arearen ertzetik eskuinkada indartsu batekin Noelia gainditu zuen, behin betiko berdinketa lortzeko.

Partida hasi aurretik bi entrena-tzaileek ikuslearentzat derbi "polita" izango zela iragarri zuten, eta baita asmatu ere, nahiz eta emai-tzak sentsazio desberdinak utzi talde bietan. Eibarrek puntu batekin konformatu behar izan zuen markagailuan bi aldiz aurrea hartu eta gero; talde txuri-urdinak, aldiz, bi abantaila horiek ezerezean utzi zituen, merezitako berdinketa lortzeko.

Natalia Arroyoren taldeak ez du orain atzera begira egoteko astirik, asteazkenean bertan jokatuko baitu Betisen aurka. Eibarrek, berriz, atseden egun gehiago izango ditu, Tenerife Granadillaren aurkako partida atzeratu egin baitiote, talde kanariarrean covid kasuak agertu direlako.

Thembik aurreratu zuen Eibar, Palaciosek berdinketa, armaginek berriro aurrea hartu eta Realak luzapenean berdindu zuen derbia

EIBAR Noelia, Queralt Gómez, Napo (Jujuba, 74. min), María Llompart (Mar Torrás, 88. min), Ruth Álvarez, C. Morera, Noko Matlou, Kgatlana, Aparicio (Ane Campos, 93. min), Sara Navarro (Arene, 74. min) eta Elorza (Aida, 88. min).

REAL Adriana Nanclares, Lucía, Nuria Mendoza, Etxezarreta (Tejada, 63. min), Nuria Rábano. (Itxaso, 81. min), Maitane, Leire Baños (Kiana Palacios, 63. min), Gemma (Franssi, 81. min), Barbara (Cecilia, 63. min), Nerea Eizagirre eta Nahikari.

Golak 1-0, 33. min: Thembi Kgatlana. 1-1, 80. min: Kiana Palacios. 2-1, 86. min: Maria Llompart, penaltiz. 2-2, 81. min: Rayo. 2-1, 91. min: Franssi.

Epailea Espinosa Ríos. Txartel horiak etxekoen S. Navarro, Napo, Noko Matlou eta Mar Torrasi.

Jazoerak Unben jokatutako partidua, publikorik gabe.