- Acunsa Gipuzkoa Basketek Ligako beste partida bat jokatuko du bihar (18.30ean) Murtziaren etxean, hamalaugarren jardunaldiari dagokion partida aurreratuan, igandean Gasteizen Baskoniaren aurkako derbian galdu ondoren (83-71).

Talde gipuzkoarra, nolanahi ere, sentsazio onekin iritsiko da hitzordu horretara, Gasteizko taldearekin txukun lehiatu ostean. Marcelo Nicolak argi utzi zuen atzo, bere balorazioan, zer gustatu zi-tzaion gehien: “lehiatzeko eta gugan sinesteko sena izan genuen, une zailetan erreakzionatzen jakin eta amorerik ez emateko gauza izan ginen”.

Garaipenak lortzeko taldeari zer falta zaion ba ote dakien galdetuta, honakoa esan zuen: “Xehetasun asko; defentsako errotazioak gehiago kontrolatu behar ditugu, defentsarako prestatzen duguna hobeto gauzatu; eta erasoan, une batzuetan, apur bat blokeatuta geratzen gara. Konfiantza gehiagorekin jokatu behar dugu, baloia gehiago mugitu jaurtiketa hobeak egin ahal izateko”.

Aurrean UCAM Murtzia egongo da. GBCren entrenatzaile izandako Sito Alonsoren taldea Unicajarekin galtzetik dator, eta sailkapeneko hamargarren postuan dago sei garaipen eta beste hainbeste porrot jasota. Nicolaren hitzetan, “partida guztiak borrokatzen dituen taldea da, hasieratik bukaerara beti borroka egiten duena. Oso talde fisikoa denez, partida guztietan lehiatzeko aukera izaten dute”.

Entrenatzaile argentinarrak ez du jokatzeko moduan izango partida honetarako William Magarity hegaleko pibot suediarra.