- Atzo, Pere Tomàs jokalariak hitz egin zuen prentsaurrean, Acunsa Gipuzkoa Basket taldearen egoera aztertzeko egindako agerraldian. Aste honetan berriro ekingo diote ligari, FIBAren geldialdia egin ostean, eta, partidarik jokatu gabe egoteari dagokionez, hauxe esan du Mallorcako jokalariak: "Dinamika txarrean zaudenean, asteak luzeagoak egiten dira, eta partidak jokatzea nahi izaten dugu, dinamika hori aldatzen saiatzeko. Ez zaizkigu gauzak ondo ateratzen ari. Eta geldialdi hau, huts egiten ari garen xehetasunetan lan egiteko aprobetxatu dugu, talde osoa indartzeko".

Egia esan, Gipuzkoako taldeak azken partidetan erakutsi duen jokoa ez da liga hasierakoa; orduan irabazi zuten 70-67 Zaragozaren aurka, eta itxura hura berreskuratu nahi dute GBCko jokalariek: "Jokatzean irabaztea gustatzen zaizu, eta, batez ere, lehiatzea. Uste dut azken partidetan ez garela lehiatu, eta horrexek ematen digu min gehien guztioi. Galtzea zilegi da, baina lehiatuz gero, sentsazioa oso bestelakoa izaten da. Liga hasierako partidetan ondo aritu ginen; orain, joko hura berreskuratu eta aurrera egin behar dugu".

Horretarako, lehen hitzordua kanpaina honetako aurreneko derbian izango dute igandean Baskoniaren aurka, Gasteizko Buesan: "Partida guztiei bezala aurre egingo diogu, baina oraingoan jarrera aldaketa bat sumatzea espero dut, partidan lehia-tzeko modua emango digun aldaketa. Galtzea litekeena da, Baskonia ligako talderik onenetakoa baita, baina talde bezala sentsazioak hartu behar dira berriro. Horretarako gauza izaten bagara, lehiatzeko aukera izango dugu".

Pere Tomàsek arlo pertsonalean egiten ari denari buruz ere hitz egin zuen, eta, taldeari oro har gertatzen ari zaion bezala, hasiera eskasa izan duela onartu zuen. Zentzu horretan, autokritika egin du Balearretako hegalekoak: "Oso bolada txarra daramagu, eta nik ere, pertsonalki, askoz gehiago eman dezaket; gogor nabil lanean hori aldatzeko".

Beraz, igandean, 17.00etatik aurrera izango du Acunsa GBCk, norabidea zuzentzeko aukera. -