-Super Amara Bera Berak bihar, 18:00etatik aurrera, Malagaren aurka beraien hiriko Ciudad Jardin pabiloian jokatuko duen Superkoparako gako nagusia "defentsan eta ligako partidan egin genuen jokoan hobetzea" izango da, Imanol Alvarezen iritziz.

Hor izango du talde donostiarrak, denboraldi honetan titulu bat lortzeko lehen aukera. Luzerako lesionatuta dauden Cesareo eta Boada izan ezik, taldeak trinko jarraitzen du, "eta tentsio handiagoa dago, kontzentrazio handiagoa", aitortu du Super Amarako entrenatzaileak, bere ustez "finalari aurre egiteko gogo handia" dagoelako. Ligako partidan Gascan lortutako berdinketa erreferentzia "baliagarria" da, entrenatzailearen esanetan. "Finala da, eta aurretiko presio hori guztia lehen minutuan ahazten da", adierazi du Alvarezek, "partida defentsan ondo hasiz gero, aukerak izango ditugu", gehituz.

Aurkariaren inguruan inor nabarmentzekotan, Bera Berako jokalari izandako Castellanos eta Arderius aipatu ditu, "baita Doiro, Lopez ahizpak, Paula Garcia€kontuan hartu beharreko aurkaria da. Faborito nor den esatea zaila da, baina gu ohituta gaude horrelako finalak jokatzera, presio hori bizkar gainean izatera; nahiz eta faborito izateak aldeko golik batere ematen ez duen", gaineratu du.

Jokoari dagokionean, Imanol Alvarezek uste du, Gascan gertatu bezala, Malagak "jabetza gutxi egotea" nahiago duela, eta "defentsako lana" funtsezkoa izango dela. Ermuko teknikariak, aldiz, nahiago luke "erritmo biziagoa, jende erabakigarriagoa daukagulako".

Super Amarako entrenatzaileak "gure taldea gero eta hobeto" ikusten du, eta oso positibotzat jo du "Peredaren aurkako partidan kontzentrazioari eusteko izan zuten gaitasuna, markagailuan aldea oso nabarmena izan arren (Bera Beraren alde)". Gainera, "markagailua kontra dugunetan ere lanean jarraitzeko" deia egin du, "denbora gutxian buelta emateko gauza garelako" ; eta ohartarazi du, "aurretik joanez gero, gainditzen oso talde zaila gara".

Arderiusi defentsa mistoa egiteko asmorik duen galdetuta, entrenatzaileak ez du baztertu, eta "landu dutela" ere onartu du. Inolaz ere, bere ustez, "ez da erabaki erraza. Ligan Arderius nabarmendu zen, baina oraingoan Doiro ere izan daiteke, eta egia esan, gure taldea eroso dago 6-0ko defentsarekin".

"Jokalarien artean tentsio eta kontzentrazio handiagoa nabari da"

Bera Berako entrenatzailea