- Imanol Lasa Sustapen Ekonomiko, Turismo eta Landa Inguruneko diputatuaren hitzetan, Behobia-Donostia lasterketa "kirol arlotik haratago doa" eta "Gipuzkoaren ikono bat da". Aurtengoari buruz konbentzimendu osoz esan zuen "inoiz baino indar gehiagoz demostratuko dugu, zen-tzu guztietan historia egingo duen edizioa izango dela". Behobia-Donostia lasterketaren 56. edizioa COVID-19ren pandemiaren ondorioz bertan behera utzi ostean, azaroan egingo da, lehen aldiz modu birtualean.

"Denbora luzean, Behobiak ikaragarri eman digu gipuzkoarroi, eta orain da garaia, Gipuzkoako gizarteak ere jaso duen hori neurri batean itzultzeko", aipatu zuen Turismo diputatuak, eta gogora ekarri nahi izan zuen, lasterketa honek beti izan duela "kirola, lanabes erabilgarri-tzat, guztion artean gizarte hobea eraikitzeko".

Era berean, nabarmendu zuen, besteak beste, urteetan zehar emakumeek lasterketan parte hartzearen alde egindako ahalegina, baita dibertsitate funtzionala duten pertsonak gizarteratzeko ere.

Lasak, tankera honetako ekimenetan sendotzen diren "boluntariotzaren balioen sustapena" ere azpimarratu zuen; izan ere, Behobia-Donostia lasterketan ia 2.000 pertsona biltzen baitira urtero. Eta, ezin ahaztu, lasterketaren eragin ekonomikoa ere, "15 milioi euro baino gehiago mugitzen baititu lurraldean". "Pandemia gainditzeko gogoa sinbolizatuko du; eta aurten Behobian parte hartzea, Gipuzkoan dugun altxor hau babesteko modu ezin hobea da", gehitu du.

Aldundiak bideo bat egin du, edizio birtual berri honen baitan, eta bertan, kirola, musika, gastronomia eta hainbat elkartetako pertsona ezagunek euren babesa eman nahi izan diote lasterketari. Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Ingurunearen Sailak eta lasterketaren antolatzaile den Fortunak badute itxaropena, bideoak formatu berri honi atxikimenduak ekartzeko balio dezan, eta ea pertsona gehiago animatzen diren edizio honetan izena ematera eta 20 kilometroak osatzera.

Bestalde, Iñigo Etxeberria lasterketaren koordina-tzaileak eta Arantza Rojo komunikazio arduradunak azaroaren 2tik 8ra egingo den edizio "berezi" horren xehetasunak azaldu zituzten. Adierazi zutenez, Behobia-Donostia lasterketaren bertsio birtuala ere" desberdina izatea" nahi dute antolatzaileek.

Bien esanetan, bertsio horren abantailen artean, "20 kilometroak saio bakar batean edo hainbatetan korritzeko aukera izango da, geolokalizazio sistema bati eta egindako kilometroak erregistratuko dituen aplikazio bati esker". Beraz, "nahi den erritmoan parte hartu ahal izango da, eta pertsona bakoitzak aukeratutako tokian eta unean".

Bere ezaugarririk "berritzaileen artean, eta jatorrizkoaren antzeko sentsazioak izateko asmoz", lasterketak audioak eta mezuak izango ditu hainbat kilometrotan, parte hartzaileei laguntzeko. Ohiko speaker-en eta musika taldeen animazioa izango ere du, "Gaintxurizketako gainean, 8. kilometroan egoten den pirata eta guzti".

Lasterketaren Azoka birtuala ere egingo da, webgunearen bitartez sartzeko moduan. Bertan, hainbat markek beherapenak eskainiko dituzte adierazitako produktuetan, eta lasterketaren poltsa bat ere egongo da webgunean eskuragarri, deskargatzeko material digitalarekin.

Azkenik, Runnea Academy app-aren bidez izena eman eta kilometroak erregistratzen dituzten pertsona guztiak parte hartzaile gisa agertuko dira edizio honetan, eta baita probaren historian ere. Domina bat jasoko dute, eta lasterketaren babesleek emandako oparien zozketan ere sartuko dira. Izen-ematea zabalik egongo da azaroaren 5era arte.

"Behobia kiroletik haratago doa eta ikono bat da Gipuzkoan"

Sustapen Ekonomiko eta Turismoko diputatua