-Jokin Eizmendik seigarren garaipena lortu nahi du gaur Igeldoko Harriarekin (19.00). Azken urteetan zarauztarra nagusi izan da proba honetan, baina hamar lehiakideen artean Donostiako Trinitate Plazan irabaztea zer den badakien aurkari bat ere izango du: Mikel Lopetegi -Urra-. Gipuzkoako harri txikietako txapeldun izendatu berriak 14 jasoaldi egin zituen 2018an, Eizmendiren faltan. Iaz biak lehian izan ziren eta Urrak ez zuen egun ona izan, ez zen harrira egokitu eta sei jasoaldi baino ez zituen egin. Eizmendik irabazi zuen txapela hamabost jasoaldirekin, bere markarik onena baino bat gutxiagorekin.

Bi txapeldun handi hauek joan den astean bi proba gogor egin ostean iritsiko dira lehia honetara. Eizmendik binakako lehen euskal pentatloi txapelketan parte hartu zuen ostiralean, eta Urrak Hiru Hamarreko Txapelketa irabazi zuen igandean, emozioz beteriko finalean Urdax Magunazelaia altxaldi bakar batez mendean hartuta.

Eizmendi eta Lopetegiz gain lehiatuko direnak hauexek dira: Beñat Telleria (iaz bigarren izan zen 14 jasoaldirekin eta 2017an ere bigarren), Xabier Peñagarikano, Gorka Etxeberria, Aimar Galarraga, Imanol Ilarramendi (2018an bigarren), Jagoba Otaegi, Jon Unanue -Goenatxo III.a- eta estreinakoz parte hartuko duen Alejandro Merlo debutaria.

Igeldoko Harria Donostiako kostaldeko itsaslabarretan aurkitutako 132 kiloko harkaitza da. Ez da altxatzen erraza, pisuaz aparte, neurri handikoa delako eta heldulekurik ere apenas duelako.

Tradizioak agintzen duen bezala, proba Trinitate plazan jokatuko da. Biharko egunez, edukiera mugatuta egongo da, koronabirusa ez kutsatzeko neurriak direla eta. Sarrerak Victoria Eugenia eta Antzoki Zaharrean erosi ahal izango dira.

Goenatxo II.a da harri honekin garaipen gehien dituen harrijaso-tzailea.

11

Desafio honetan garaipen gehien erdietsi dituena Juan Jose Unanue -Goenatxo- izan da, guztira 11 aldiz nagusituta. Izeta II.ak bederatzi garaipen ditu eta Jokin Eizmendik bost.

19

Goenatxok 2002an, Euskadiko Sei Orduetan, ezarri zuen marka.