- Bidasoa Kirol Klubak eta Jose Manuel Sierrak (Palos de Moguer, Madrid; 1978) aurreakordioa lortu dute atezainak datorren denboraldian Irungo taldearekin jokatzeko.

Fitxaketa honekin BM Logroño La Riojara joan den Rangel Luanen hutsunea bete nahi du Bidasoak, eta jokalariak azterketa medikoa gainditu ondoren egingo dute fitxaketa.

Frantziako USM Saran taldetik datorren atezain beteranoak 1,94 metroko altuera du eta 92 kiloko pisua. Aurreko lau denboraldiak SC Pick Szegeden bete zituen, eta beste hainbat taldetan ibilia da: Paris Saint Germain HB (2012/2014), BM Valladolid (2000/2003 eta 2004/2012), BM Ciudad Real (2003/2004), FC Barcelona (1996/2000) eta Pedro Alonso Niño de Moguer (1986/1996).

Bere curriculuma ez da ez, nolanahikoa: Lau Europako Kopa, Europako Errekopa bat, Europako hiru Superkopa, bost Asobal liga, beste bost Errege Kopa, hiru Asobal Kopa, Espainiako beste hiru Superkopa, Frantziako Liga bat eta Hungariako beste bat lortu baititu. Espainiako selekzioarekin 123 partida jokatu ditu 2005ean debuta egin zuenetik; 2013ko Munduko Txapelketa irabazi zuen taldean parte hartu zuen, eta baita hurrengo urteko Europako Txapelketako brontzezko domina lortu zuenean ere.

Jacobo Cuetara Bidasoa-Irun taldeko entrenatzaileak Sierraren "kalitate ukaezina" azpimarratu du, eta "eskarmentu handia ekarriko duela Irungo aterpera. Bikote handia osatuko dute Xoan Ledok eta berak, eta ederki moldatuko dira. Aterpea ongi babestuta izango dugula uste dugu, eta horrek etekin handia ekar dakiguke".

Bestalde, entrenatzaile asturiarrak talde bidasotarrak egindako gainerako fitxaketen errepasoa ere egin zuen: "Dan Racotearen fitxaketarekin, proiekzio handiko jokalarien -Dan bera eta Donat Bartok, adibidez- eta jokalari esperientziadunen arteko oreka bilatzen ari gara, azken hauen artean Julen Aginagalde eta orain Jose Manuel Sierra leudeke".

"Kirol ibilbide luzea izan arren, ilusio handiz ikusten dut gurea bezalako proiektu motibatzailera etor-tzerakoan. Zalantzarik gabe errendimendu bikaina emango digu atepean", esan du entrenatzaileak.

Beraz, Jose Manuel Sierra ekarrita, Gurutz Aginagaldek zuzentzen duen taldeak jada lau fitxaketa berri egin ditu Julen Aginagalde, Racotea eta Bonanno sinatu ostean.

"Bere ibilbideak erakusten du zer nolako kalitatea duen; Xoan Ledo eta biak ederki moldatuko dira elkarrekin"

Bidasoa-Irun taldeko entrenatzailea