-ABEE espedienteak Gipuzkoa Basket-eko jokalariei, teknikariei eta langileei eragingo die, COVID-19k eragindako osasun-krisiaren ondorioz LEB ORO Ligako hurrengo jardunaldiak atzeratu ondoren. ABEE horren helburua "Gipuzkoa Basketen bideragarritasuna ziurtatzea" da.

Talde donostiarrak jakinarazi duenez, COVID-19k eragindako egoera dela eta, taldeko hainbat jokalari euren herrialdetara itzuli dira une latz hauetan familiekin batera egon ahal izateko: Reed Timmer, Johnny Dee, Adam Sollazzo, Alex Murphy eta Davis Rozitis.

Gipuzkoa Basketek ohar berean azaldu duen arabera, "une zail hauetan" eskerrak eman nahi dizkie "aurrera jarraitu ahal izateko borrokan ari direnei, osasun langileei, premiazko gaien saltokiei, eta gure ongizatea zaintzen duten guztiei".

Era berean, "animoak eta desiorik onenak" bidali dizkie gaitzak jotako guztiei.

Talde gipuzkoarrak zaleei ere eskerrak eman nahi izan dizkie, "beti bezala klubari babesa ematen jarraitzeagatik", baita Gipuzkoa Basketen laguntzaileei eta babesleei ere, "une zail hauetan eskainitako baldintzarik gabeko babesagatik".

Donostiako klubaren agiria mezu baikorrarekin amaitzen da: "Denok elkartuta lortuko dugu hau gainditzea".

Urrezko LEB txapelketan lehia eten zenean, Delteco Gipuzkoa Basket liderraren puntu berdinekin zegoen sailkapenaren muturrean, nahiz eta taulan bigarren postuan ageri Valladolideko Carramimbreren atzetik.

Talde donostiarrak norgehiagoka eten aurretik jokatu zuen azken partidan, Marcelo Nicola argentinarrak entrenatzen dituen jokalariek 71-62 galdu zuten Mallorcan, eta hil honen 15ean jokatzekoa zen Breogan taldearen aurkako partida bertan behera geratu zen.

Saskibaloiaren bigarren maila amaitzeko hamar partida falta dira oraindik, eta Urrezko LEB ligaren patua kili-kolo dago.

Eskubaloian, Nafarroako Anaitasunak eta Rocasak ere ABEE bana eskatu dituzte.