- Ricardo Garcia Real Unioneko presidenteak atzo iragarri zuenez, Unai Emery buru duen taldeak 1,2 milioi euroko kapital handitzea egiteko asmoa du Irungo klub historikoan. Emery sendiak uztailaren 21ean hartuko du klubaren lekukoa, Akziodunen Batzarra egin eta bertan gauzatuko baita erakunde bidasotarraren kudeaketaren erreleboa.

Egungo Administrazio Kontseiluak agintaldia abenduan amaitzen zuela azaldu du presidenteak, baina erreleboa denboraldi hasierara aurreratu nahi izan dute, proiektu berriak hurrengo denboraldiari begira “behar bezala lan egin ahal izateko”. Beraz, 21 urte eta lau agintaldiren ostean, Ricardo Garciaren taldeak utzi egingo du Real Union.

Garciak azaldu duenez, orain urtebete hasi omen ziren Emery familiaren proiektuko ordezkariekin hitz egiten, eta azkenean, uztailean eskuratuko omen dituzte haiek klubaren akzioen % 20 baino pixka bat gehiago, beraiek ordezkatzeko “aukera ona” direlakoan.

Aipatu zuenez, “urtero” jatorri ezberdineko “bizpahiru erosle” izan omen dituzte galdezka, baita Mexiko edo Argentinakoak ere, baina egungo agintariek “kontzientziaz lasai” utzi nahi izan dute Real Union, eta klubarentzat “ezin hobeto” datorren proiektu baten alde egin dute, “Irunen alde eta Real Unionen alde lan egiteko interesa erakutsi dutelako”.

“Kluba hazten lagunduko duen talde garrantzitsu bat dator. Instalazioetan, kirol arloan eta gizarte arloan hazten saiatuko dira, eta oso pozik noa Real Union nola uzten dudan ikusita”, adierazi zuen Ricardo Garciak.

“Klub honen historiaren parte dira eta zorterik onena opa diet. Guk alde batera egitea erabaki dugu, garaia iritsi zaigulakoan. Abenduan iragarri genuen negoziaketetan genbiltzala, eta gauzak ondo bideratzea lortu dugu. Harro gaude kluba Emery familiaren esku geratuko delako”, gaineratu zuen.

Bestalde, Jose Manuel Amantegi presidenteordeak adierazi zuenez, “Unerik egokiena hauxe da, datorren denboraldirako erabakiak orain hartu behar baitira”; eta Emery familia (Unai eta anaia Igor) “klubaren aldeko apustu sendoa” egiten ari dela azpimarratu zuen.

“Prozesua amaitu da. Kontseiluan jarraituko dugu eskualdaketa egin arte, Emery familiarekin koordinatuta. Kluba izugarri indartuko duen proiektua da; gehigarri aberasgarria izango da beraiek klubean sartzea”, esan zuen.

Azkenik, Ricardo Garciak eskerrak eman zizkien bere Kontseilukideei eta taldeari “urte gogorretan” egindako lanagatik. Halaber, eskerrak eman zizkien Irungo Udalari, Realari, Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta Real Unionen bere agintepeko denbora tarte luze honetan ondoan izan dituen babesle guztiei.