- Amaitu berri den denboraldian hamabi gol sartuta Eibarko goleatzaile nagusi izan den Kike Garcia aurrelariak ez du hurrengo denboraldian talde armaginean jarraituko, jakina zen bezala, eta Osasunarekin fitxatu du.

Atzo goizean Eibarrek berak egin zuen ofizial Cuencako jokalariaren irteera, eta, handik gutxira, talde gorritxoak iragarri zuen aurrelaria 2024ra arte fitxatu zuela, 15 milioi euroko etete-klausularekin.

Talde nafarra azkar ibili da jokalari kotizatuaren zerbitzuak eskuratzeko, izan ere, Kike Garciak berak gorritxo-tzat egindako lehen adierazpenetan aitortu zuenez, talde ugariren deiak jaso omen ditu azken egunotan. Ez da harritzeko, izan ere, azken denboraldi honetan hamabi gol sartu eta bi asistentzia oparitu ondoren, armagin ohia oso jokalari erakargarria baitzen merkatuan.

Kike Garcia 2016ko neguko merkatuan iritsi zen Eibarrera, eta elastiko gorri-urdina jantzi duen bost denboralditan 160 partida jokatu ditu, 37 gol sartu eta zazpi asistentzia banatuz.

Azken denboraldi honetan kapitain izan den Kikeri ohar baten bidez bere “profesionaltasuna” eskertu dio Eibarrek, eta etorkizunean “zorterik onena” opa diola.

Talde gorritxoaren sare sozialetan zabaldu duen bideoan, Kike Garcia “ilusioz gainezka” agertu da, “elastiko hau janzteko eta familia bat bezalakoa den klub handi honetara etor-tzeko irrikaz; eta nigan jarritako itxaropen guztiak gogoz eta lan handiarekin asetzea espero dut”. 1,86 metro neurtzen dituen jokalari lerdenak onartu du “Eibarren urte zaila pasa-tzetik” datorrela, baina “pertsonalki gauzak nahiko ongi atera zaizkit, taldearentzako jokalari garrantzitsua izan naiz, eta hainbat talderen deiak jaso arren hasieratik erabakia nahiko garbi izan nuen”. Eta bide batez aipatu zuen: “Eskerrak Braulio eta Catari oso maitekiro hartu nautelako. Oso pozik nago hemen egoteaz”.

Kike Garciaren ustez, Jagoba Arrasateren eskema ongi omen datorkio, bere burua honela definitzen duelako: “Daukadan guztia zelaian uzten duen jokalaria naiz; Osasunaren filosofiagatik, eta entrenatzailearen joka-tzeko moduagatik ongi egokituko naizela uste dut. Erronka polita da eta elastikoaren, klubaren eta jarraitzaileen mailan egotea espero dut; ea helburu politak lortzeko gauza izaten garen”.

“Jokalari garrantzitsua izan naiz Eibarrentzat eta talde ugariren deiak jaso ditut”

Eibarreko aurrelari ohia