Liga Iberdrola

Real femenina | Natalia Arroyo: "Goian egotekotan, goikoei irabazi behar diegu"

EMAKUMEZKOEN LEHEN MAILA Natalia Arroyok argi esan du gaur (19.00etan) Levanteren zelaian irabazteak sailkapenaren goialdean kokatzea ahalbidetuko diela

11.02.2021 | 00:42
Natalia Arroyo, Zubietako prentsa aretoan. Argazkia: R.S.

Donostia – Aukera aproposa du gaur Realak emakumezkoen Lehen Mailako punta-puntako taldeen parean dagoela erakusteko. Talde txuri-urdinak Levanteri egingo dio bisita 19.00etatik aurrera (Gol katean), joan den asteburuan Zubietan Madril CFFren aurka jokatutako norgehiagokan ihes egin zioten puntuak berreskura-tzeko asmoarekin, orduan bana berdindu baitzuten.

Sailkapenean seigarren den Realak zazpi puntura du bigarren postuan dagoen Levante; beraz, garaipena lortuz gero bete-betean sartuko litzateke Europako postuetarako borrokan.

Levantek ere ahalegin guztiak egingo ditu garaipena lortzeko, Ligako azken jardunaldian Rayo Vallecanoren aurka berdindu ostean.

Norgehiagoka honetarako, Natalia Arroyok ezin zelairatuko ditu Manu Lareo lesionatua, eta zigortuta dagoen Nuria Mendoza. Inolaz ere, entrenatzaile txuri-urdinak adierazi zuenez, "partida hauek erakutsiko digute sailkapenean gure benetako tokia zein den. Une honetan Levante gure aurretik dago, guk berdindutako partidaren bat garaipen bihurtzeko gauza izan direlako. Jakina da, goian egotekotan goikoei irabazi behar diegula. Eta, argi dago, hor egoteko irabaztea ezinbesteko zaigula, bestela kontuak ez baitira ateratzen. Halere, otsailaren erdian ezer ez da betiko. Gorabehera handiko Liga da, oso gogorra, eta goian egon nahi dugun talde gehienok utziko ditugu puntuak bidean".

Entrenatzaileak onartu zuenez, "beraiek zein gu hobetu egin gara. Partidan zehar biontzako uneak egongo dira. Baloia edukitzea eta erasotzea gustatzen zaigun taldeak gara. Baloirik gabeko faseetan oldarkorrak izaten jakitean eta une txarretan lehiatzen jarraitzeko gauza izatean egongo da aldea. Une horiek hobekien kudeatzen dituenak topatuko du garaipenerako bidea".

Arerioa Aurkariari dagokionez, Arroyok aipatu zuen Levante "azken denboraldi hauetan asko inbertitzen ari da txapeldungai izan asmoz€ Hainbat etapa gainditu dituen talde historikoa da, eta goian egotea dute helburu, Championsen jokatzeko postuengatik borrokatuz. Oso talde indartsua du eta entrenatzaile bikaina. Partidak gol ugarirekin erabakitzen dituzte, eta bestela, kasta aterata. Aurkari latza; ez da batere partida erraza izango".

"Bi taldeoi baloia izatea eta erasoan jokatzea gustatzen zaigu, eta biontzako uneak izango dira"

Natalia Arroyo

Realeko entrenatzailea