Osasuna - Eibar | Mendilibar: "Garailea indartuta aterako da"

eibar jose luis mendilibarrek Osasunaren aurkako derbiaren garrantzia azpimarratu zuen atzoko prentsaurrekoan

06.02.2021 | 01:31
Jose Luis Mendilibar, osteguneko lan saioan . Argazkia: Javi Colmenero

eibar – Jose Luis Mendilibarren ustez bihar Osasunaren aurka Sadarren jokatuko duten partida " oso garran-tzitsua da", eta irabazlea "indartuta" irtengo omen da. "Bi taldeok beheko postuetan gaude, eta bioi kostatzen zaigu irabaztea. Ez batzuek ez besteok ez dugu partida gehiago irabazi ez izateko bezain gaizki jokatu orain arte, baina errealitate gordinak hor kokatu gaitu. Irabazten duena psikologikoki indartuta atera daiteke ".

Eibarreko entrenatzailearen iritziz, bere taldeak "intentsitatean berdindu beharko du Osasuna, ez inoiz gelditzean, joan-etorrikoan, tentsioan, balizko edozein jokaldiri aurrea har-tzean, eta beraiek zer egingo dutenaren esperoan ez jokatzean. Aurkariaren zelaian eta alboetatik jokatzea gustatzen zaion taldea da, erdiraketak egin zalea; eta baloia galtzen duenean, lehenik eta behin, arerioa goian estutzen du, bere zelai-eremutik irten ez dadin. Gure joko proposamenaren antzekoa dute, beraz; baina, eurak zein gu, egoera larrian gaude, zerbait ez dugulako ondo egiten edo zerbait falta zaigulako ".

Bizkaitarra ez da berdinketarekin konformatzen: "Liga oso zaila da, eta denoi kostatzen zaigu irabaztea. Puntua ona izaten da batzuetan, baina ez zaitu estutasunetik ateratzen".

Mendilibarrek akatsik ez egitearen garrantzia ere azpimarratu du, "defentsako hutsegiteetan normalean golak jasotzen ditugulako". "Partidetan, normalean, aurkariak baino jaurtiketa gehiago egiten ditugu; asmatu egin behar da, ordea, jaurtitzea ez baita nahikoa. Kontrakoek, berriz, egindako jaurtiketa apurrak ongi aprobetxatzen dituzte. Area batean zein bestean hobetu behar dugu ".

Marko Dmitrovic jokatzeko moduan izango ote den galdetuta, entrenatzaileak uste du prest egongo dela, baina "bere baitan dago, ea belauna nola duen".

Amaitu berri den fitxaketa merkatuaz ere mintzatu da, eta esan du "jokalariren bat 4-5 hilabeterako ez ezik, bi urte eta erdirako ekartzeko baliatu behar da, aukera horiek aprobetxatzeko unea baita. Erraza ez dela jakinda, horixe zen gure asmoa".

"Puntua ona izaten da batzuetan, baina ez zaitu estutasunetik ateratzen"

Jose LUis Mendilibar

Eibarreko entrenatzailea