ATLÉTICO DE MADRID Pauline, Aleixandri, Tounkara, Van Dongen, Guagni, Meseguer, Santos, Sampedro (Laurent, 73. min), Knaak (Duggan, 69. min), Deyna eta Liudmila.

REAL SOCIEDAD A. Nanclares, Lucía (Cecilia, 87. min), N. Mendoza, Tejada, Nuria R., Maitane, L. Baños (Itxaso, 87.min), Barbara, Franssi, N. Eizagirre eta Nahikari (Palacios, 78.min).

Golak 1-0, 3. min: Liudmila. 1-1, 12. min: N. Eizagirre. 1-2, 67. min: Aleixandri (b.a.). 2-2, 75. min: Deyna. 3-2, 81. min: Deyna.

Epailea Gil Soriano. Txartel horia, etxeko Duggan-i.

Realak ondo aurre egin zion atzo emakumezkoen Lehen Mailako talde handietako bati (azken lau ligetatik hirutan txapeldun); gainera etxetik kanpo, baina azkenean porrota jaso zuen (3-2). Talde txuri-urdina Atletico Madrilen aurretik ere jarri zen (1-2), baina, denetarik gertatu zen partidan, ezin punturik lortu partida bikaina egin arren.

Lehen zatia etengabeko joan-etorrian jokatu zen, eta abagune argiak izan zituzten bi taldeek. Madrildarrak aurreratu ziren norgehiagokaren lehen aukeran; Deynak pase sakona egin zion Ludmila izarrari area barruan, eta ez zuen hutsik egin. Txuri-urdinen erreakzioa, hala ere, ez zen asko luzatu, eta denboraldi honetan ohiko dituen gol bikain horietako bat sartu zuen Nerea Eizagirrek partida berdin-tzeko.

Ondoren, etxekoek lau gol aukera garbi izan zituzten, baina langak eta Adriana atezainak (Mariasun Quiñones min hartuta dago) saihestu egin zituzten. Gipuzkoarren aukerarik onenean Franssik gola sartu arren, epaileak ezerezean utzi zuen jokoz kanpo zegoelakoan; ez zegoen halakorik, eta txuri-urdinak biziki haserretu ziren.

Bigarren zatia parekatuagoa izan zen, realzaleak gero eta jokaldi gehiago biribilduz eta aurkariaren areara arriskuarekin helduz. Deyna, buruz, madrildarrak aurretik jar-tzeko zorian egon zen jokoari ekin eta berehala. Handik gutxira Nahikarik gola sartu zuen, baina hura ere baliogabe utzi zuen epaileak jokoz kanpo zegoelako (oraingoan, oso gutxigatik, hala zen).

Realaren gola orduan etorri zen; Barbarak erdiratu, eta Nahikari hurbil zegoelako Aleixandrik bere atera errematatu zuen. Baina pozak gutxi iraun zuen, Deynak berehala sartu baitzuen gola, area barrutik egindako jaurtiketa batean. Eta amaierarako hamar minutu falta zirela, gol guztietan parte hartu zuen Deynak, madrildarren garaipeneko gola sartu zuen urruneko jaurtiketa bat baliatuta.

Une oro lehiatzeko gauza izan ziren, eta partida iraultzea ere lortu arren, garaipenak ihes egin zien azken txanpan. Natalia Arroyoren neskek seigarren postuan amaitu dute, eta Urte Berria Zubietan hasiko dute, Errege egunez, Athleticen aurka.