- 3-0 galdu zuen Eibarrek Rayoren aurka. Talde madrildarrak zuzendaritzarekin dituen arazoak ahaztu eta ez zion garaipena lortzeko aukerarik eman talde armaginari. Iker Dorronsororen jokalariek ezin izan zuten punturik lortu jaitsiera postuetan dagoen aurkariaren kontra, eta hurrengo jardunaldian arerio zuzena den Santa Teresaren aurka neurtu beharko dituzte indarrak, Extremadurako taldeak eibartarrek baino puntu bat gutxiago baitu.

Partida hasi eta zazpigarren minutuan aurreratu zituen etxekoak, buruz, Camilak, falta jaurtiketa baten ostean. Hamar minutu geroago, berari egindako penalti bat baliatu zuen Ana Teresak 2-0ekoa sar-tzeko, eta hortik aurrera Eibar ez zen partidan sartzeko gauza izan.

Bigarren zatia hasi eta berehala eman zioten madrildarrek azken sastada Eibarri. Berriro Ana Teresak sartu zuen 3-0ekoa, armaginak porrotera kondenatuz. Bigarren zati horretan gipuzkoarrek denbora gehiagoan izan zuten baloia eta gol aukera ugari sortu zituzten, baina ezin izan zuten aldea murriztu. Etxekoek, gainera, errenta handitzeko aukerak ere izan zituzten kontraerasoan.

Emaitza horrek ekarri du talde gorri-urdinaren lehen porrota etxetik kanpo. Orain arte, Iker Dorronsororen jokalariek bi garaipen eta bi berdinketa lortuak zituzten Unbetik urrun jokatutako norgehiagokatan; etxean berriz, lehen jardunaldian baino ezin izan dute irabazi, Betisen aurka.

Emaitzak sailkapeneko hamaikagarren leku erosoan utzi du Eibar, jaitsiera postuetatik bost puntura.

RAYO VALLECANO Larque; Sole, Andújar, Camila, Hayden (Patri Hidalgo, 80. min); Paula Fernández (Struck, 80. min), Pilar García (Zaira, 73. min), Aedo; Sheila, Bulatovic (Ruth, 65. min) eta Ana Teresa (Tere Morató, 73. min).

EIBAR Noelia; Jujuba, Sheila, Puyi (Aida esteve, 46. min), Queralt; Llompart, Mar (Ane Campos, 65. min) Honoka; Carla Morera (Arola Aparicio, 46. Min.), Ruth eta Adule (Thembi, 36. min).

Golak 1-0, 7. min: Camila. 2-0, 17. min: Ana Teresa, penaltiz. 3-0, 48. min: Ana Teresa.

Epailea González González. Txartel horiak: Rayoko Bulatovic-i, eta Eibarko Puyi, Carla Morera, Adule eta Jujubari.

Jazoerak Rayo Vallecano Fundazioaren Kirol Hirian ikuslerik gabe jokatutako partida.