- Lehen zatia oso parekatua izan zen eta aukerak alde biek izan zituzten. Txuri-urdinek hobeto hasi zuten partida eta markagailuan aurrera-tzeko hiru aukera on izan zituzten. Hiruretan Nahikari izan zen protagonista, eta hiruretan Aline Reis atezaina etxekoen gola saihesteko gauza izan zen. Kanariarrak hazi egin ziren, eta lehen zatia hobeto bukatu zuten; Quiñonesek ongi gelditu zuen Martin-Prietoren jaurtiketa bat Granadillakoen abagunerik onenean.

Partida ez zen askorik aldatu aldageletatik itzuli ostean; talde biak garaipenaren bila zenbiltzan emai-tzarekin espekulatu gabe. Realaren gola bigarren zatia hasi eta gutxira iritsi zen; Nerea Eizagirrek erdiratu eta Ramosek bere atera bidali zuen baloia, Nahikari errematatzeko prest zegoela.

Partida hiru minututan erabat okertu zen gipuzkoarrentzat, Granadilla markagailuari buelta emateko gauza izan baitzen. Aurrena, Quiñonesen irteera txar bat egin eta gero, Pleulerrek berdinketaren gola sartu zuen; eta, handik gutxira, Pojlak-ek jaurtiketa bikaina egin zuen area ertzetik, kanariarren garaipeko gola sartuz.

Realeko jokalariek ez zuten erreakziorako astirik izan, eta asteazken honetan EDF Logroñoren aurka duten norgehiagokari begira jarri behar orain.

Natalia Arroyo Realeko entrena-tzailea emaitzarekin atsekabetuta agertu da: "Pena izanda, partida berdindu eta segituan berriz ere kolpatu baikaituzte. Talde kanariarrak beti lortzen du partidetan amaierara arte buru-belarri sartuta eustea, ondo kudeatzen ditu lehen minututik 90.era arte. Aurrekoan, energia hori aldeko izan genuen, eta oraingoan kale. Gogorra izan arren gainditu egin beharko dugu, jokoa horrelakoa baita.". "Alor askotan partida ona egin dugu, eta maila honetako talderik onenetako bat menderatzen jakin dugu. Ez gara gai izan atsedenaldira abantailarekin joateko, eta ondoen ari ginenean lortutako abantailak ez digu amaierara lasai iristeko adina lasaitasunik ekarri", gaineratu du.

Bestalde, Nerea Eizagirre tolosarrak 100. partida jokatu zuen atzo Realarekin.

REAL Quiñones, Iraia, Nuria Mendoza, Tejada, Lucia, Maitane (Itxaso, 84. m.), Gemma (Cecilia, 84. m.), Leire Baños (Franssi, 62. min), Barbara (Nerea Eizagirre, 34. m.), Manu (Amaiur, 62. m.) eta Nahikari.

UD GRANADILLA Aline Reis, Pleuler, Simpson, Martín-Prieto (Aleksandra, 85. m.), Pisco, N. Ramos, Adrienne Jordan (P. Hernández, 85. m.), Mari Jose (A. González, 63. m.), Kayla Adamek (Angie Koko, 79. m.), S. Doblado (Pojlak, 63. m.) eta Gavira.

Golak 1-0, 57. m: N. Ramos (b.a.). 1-1, 83. m: Pleule. 1-2, 86 m: Pojlak.

Epailea González Sánchez. Txartel horiak: S. Doblado eta Aleksandra bisitariei.

Jazoera Zubietan jokatutako partida, publikorik gabe.