bartzelona/eibar - Futbola gaur arratsaldean (16.00etan) itzuliko da Camp Noura, eta Eibarrek berriro ekingo dio txapelketari - Realaren aurkako aurreko partida atzeratu ondoren -, talde blaugranari bisita eginez.

Jose Luis Mendilibarrek entrenatzen duen taldea katalanen egoera aprobetxatzen saiatuko da, krisi instituzionala alde batera utzita ere ez baitaude joko-unerik gozoenean. Eibarrek partida prestatzeko denbora nahikoa izan duen arren, eta Kataluniarren egoera onena ez bada ere, azken hauek dira faborito argiak. Gipuzkoarrak, ordea, ez daude puntu bakar bat oparitzeko moduan, eta Setienen taldearen aurrean zerbait urratzeko asmoz zelairatuko dira.

Erizaindegia hustutzen joan da pixkanaka, eta oraindik baja garrantzitsuak dauden arren, esate baterako Ramis asteazkenean ebakuntza-gelatik pasa zen eta denboraldi honetan nekez itzuliko da, edota Kike Garcia; baina eskura dituen jokalariekin hamaikako lehiakorra ateratzeko moduan izango da harmaginen entrenatzailea.

Ez litzateke harritzekoa izango Mendilibarrek hiru erdilari erabiltzea etxekoen baloi irteera zailtzeko, lau jokalari defentsan eta beste hiru eraso lanetan. Orellana beste inork gutxik ez daukanez irabazita titulartasuna Eibar honetan, ez dago hamaikakoari aurrez antzik hartzerik. Erdialdeko hiru jokalariren alde egitekotan, hauek Pape Diop, Cristoforo eta Edu Exposito izan litezke; Orellana, Inui eta Sergi Enrich aurrealdean dituztela. Defentsan berriz, Arbilla da aukerarik zentzuzkoena eskuin hegalean, Cote ezkerrean eta Burgos eta Paulo erdigunean. Eibarrek erronka garbia izango du: defentsako sendotasunari eutsi, eta kontraerasoan arriskua sortzen saiatzea.

arazoak barçan Oraingoz 2020an ez dago aste lasairik Bartzelona aldean. Urteko lehen bi hilabeteetan, lehen taldeko entrenatzailea kargutik kendu dute; Leo Messi kapitainak publikoki kritikatu du Eric Abidal idazkari teknikoa; Ousmane Dembelek min hartu du, eta, hori gutxi bailitzan, aste honetan ustegabeko krisi instituzionala lehertu da.

Gorabehera horien guztien erdian futbola berriz epaile. Azken jardunaldian Real Madrilengandik puntu bakarrera kokatu ondoren, Bartzelonak garaipena ezinbestekoa du datorren martxoaren 1eko klasikora lidergoa eskuratzeko aukerarekin iristeko. Santiago Bernabeuko partidaren aurretik, Quique Setienen taldeak Napolira joan behar du Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako joaneko partida jokatzeko. Etxetik kanpoko bi partida gogor hauek ikusmiran izanda, Kantabriako entrenatzaileak gaur aldaketak egingo dituela pentsa liteke

Luis Suarez eta Dembele jokatu ezinean daudela, orain ezker hegaleko Jordi Alba ere baja izango da, Getaferen aurkako partidan min hartu baitzuen. Setienek aspaldi izan duen albiste positibo bakarra, aste honetan Martin Braithwaite kontratatzea izan da. Taldeak erasorako jokalarien premia gorria duela kontuan izanik, ligan baino joka-tzerik izango ez duen Leganesetik etorritako aurrelariak badu gaur arratsaldean bertan debuta egiteko aukera, titular nekez izango bada ere