Imanol Álvarez, Super Amara Bera Berako jokalariak bezala, oso ilusionatuta dago bihartik igandera bitartean Illunben jokatuko den Erreginaren Koparen aurtengo edizioaren atarian. Entrenatzaile ermuarrak onartu duenez, kirol mailan zein antolakuntzan mailarik onena erakutsi beharko du talde gipuzkoarrak: "Sekula jokatu den Koparik onena izatea nahiko genuke. Orain arte egindako lan guztia horretara bideratuta dago, eta guk ere gurea ematea nahiko nuke".

Kopako txapelketaren inguruan honako hau aipatu zuen Imanol Alvarezek: "Aurreko edizioetako mailarik eskaini ez genuen bi Kopa jokatzetik gatozenez, erantzukizun handiagoa dugu. Etxean jokatuko dugu, gauzak ondo antolatzen ari direla bistakoa da, jende asko etorriko da, eta eskubaloiaren festa hau borobiltzen lagundu nahi dugu".

Nolanahi ere, Super Amarako entrenatzailea ez da kezkatuta agertu, 2019az geroztik irabazi ez duten titulua eskuratzeko faboritotzat jotzen dituztelako: "Ez dakit ba, faborito nagusiak ote garen. Gainerako taldeak eroso sentitzen dira zama hori guri pasatuta. Egia esan, gu ez gaude deseroso erantzukizun horrekin, errealitatea nolakoa den jakinda. Ez dago huts egiteko aukerarik, eta gu ohituta gaude presio hori jasaten".

Lider nabarmena den eta datorren asteko igandean Gijonen irabaziz gero titulua lor dezakeen Liga txapelketarekiko dituen desberdintasunei buruz, honako hau esan zuen: "Liga urtebeteko lana da, Kopa asteburu batean jokatzen da, eta sentsazioak, emozioak, ingurune osoan nola bizitzen den kontuan izan behar direnez, lehia izugarri parekatzen da".

Bera Bera oso gogotsu iritsiko da bihar Aula Valladoliden aurka 20.30etik aurrera hasiko duen txapelketara: "Sasoi onean gaude, gogo handiz; orain emozioak kontrolatzen jakitea da kontua, gure publikoarekin, hiriarekin eta antolakuntzarekin dugun konpromisoaz jabetu, eta konpromiso hori aurrera eramateko gai izatea".

"Gu, printzipioz, ondo prestatuta gaude hiru egunetan hiru partidetan behar bezala lehiatzeko. Denbora ondo neurtu ohi dugu, eta partidetan aldaketa ugari egiten ditugu. Ez dakit hori abantaila ote den, baina ez naiz hiru partidu horien beldur", gaineratu zuen prestatzaile bizkaitarrak.

Eta lehen aurkariari dagokionez (Aula Valladolid), zer aipatu zuen: "Oso azkar jokatzen dute, horixe da euren balio nagusia. Bera Berak oso azkar jokatzen duela esan ohi da, eta egia da, baina Aulak guk baino erritmo handiagoan jokatzen duela esango nuke. Atzera ondo egiten jakitea izango da gakoa, erasoan ondo ibili defentsara ordenatuta itzultzeko. Abiadura horretan nekez joka daiteke azkar eta ongi, baina ezin uko egingo diogu honaino ekarri gaituen jokamoldeari!".