"Partida gogorra izango da, baina ilusioz gainezka gaude"

European League Loidi eta Menendez Paris 92ren aurkako Europako partidari buruz aritu ziren Gesalagan antolatutako ekitaldi dibertigarrian

15.10.2021 | 00:31
June Loidi (txuleta eskuetan duela) eta Alba Menendez, atzo, Zarauzko Gesalaga enpresan.

Zarautz – Ligako sailkapenaren buru izateko aukera eman dien Porriñon asteazkenean lortutako garaipen zaporeko berdinketaren ondoren, Super Amara Bera Berako jokalariak igandean Paris 92ren aurkako (12.00etan) hitzorduan erabat murgilduta daude. "Oso partida gogorra izango da, talderik zailenetako bat suertatu zaigulako, baina gogotsu eta ilusioz gainezka gaude" esan zuen June Loidik, Alba Menendez taldekidearekin batera, Zarauzko Gesalaga enpresan egindako ekitaldi dibertigarri batean parte hartu zuenean. "Partida latza izango da, oso defentsa bizia egiten dutelako eta fisiko handiko jokalariak dituztelako", gaineratu zuen kapitainak, taldeak atseden hartzeko aprobetxatu zuen jardunaldian.

Croqueta y Presumidaren dastatze itsu batekin eta Okelanen txuleta janez, bi jokalari gipuzkoarrek balioa eman zioten Porriñon lortutako puntuari, eta Gasca kiroldegian talde frantziarraren aurka jokatuko duten European Leagueko Q2ko joaneko partidari begira buru-belarri daudela aitortu zuten.

Menendezen hitzetan, igandean "emaitza on bat lortu, irabazi" egin nahi omen du, Europan, gainera, "beti izaten baita berezia"; eta zaleei Gascara joateko deia egin zien, "guk partidarekin gozatuko dugulako, eta baita animatzera etortzen direnek ere". Gogoratu itzulerako partida Parisen izango dela, urriaren 24an, igandez (16.00etan).

Bestalde, Loidik debuta egingo du Europako kluben arteko lehiaketa batean, Espainiako selekzio absolutuarekin estreinatu eta gero. 20 urte besterik ez ditu eta lehen partida jokatuko du European Leaguen. "Partida berezia da niretzat", aitortu du Elgoibarko hegalekoak, eta taldea "prest" ikusten omen du kanporaketari aurre egiteko.

Dastatzea Alba Menendezek bete betean asmatu zituen itsuan dasta-tzeko eman zizkieten bost kroketa motak: bakailaoa, zezina, amonarena, txipiroiak eta jalapeñoekin egindako berritasuna. Eta Okelaneko txuletaren pisua ere ederki asmatu zuen: 7,5 kilo. Loidi ere ez zen urruti ibili.

Aipatu zutenez, Ammma zentroan fisikoa lantzeko erabiltzen dituzten halterak hartu omen zituzten erreferentziatzat pisua esateko.

Ekitaldiaren amaieran, Gesalagako zuzendari komertzial Edu Garciak Bera Beraren kamiseta bat jaso zuen opari.

noticias de noticiasdegipuzkoa