- Pasa den igandean Artalekun PAUC talde frantziarra bikain kanporatu ondoren (30-25), Bidasoak gaur ezagutuko du Europako Ligako multzoen fasera sartzekotan bigarren kanporaketan gainditu beharko duen aurkaria. Zozketa 11.00etatik aurrera egingo da Europako Eskubaloi Federazioaren (EHF) egoitzan.

Zozketa horretan bigarren on-tzian egongo den talde gipuzkoarrak, Europako bigarren txapelketa irabazteko hautagai nagusienetako batzuk izan ditzake arerio: Rhein-Neckar Löwen eta Füchse Berlin talde alemaniarrak, baita 2018an Txapeldunen Liga irabazi zuen Montpellier talde frantziarra ere. Zailtasuna kontuan izanik saihestu beharreko beste talde ba-tzuk, Frantziako Fenix Toulouse, aurreko txapeldunen Ligako multzoen fasean aurkari izan zuen Lisboako Sporting Portugaldarra (etxean 32na eta etxetik kanpo 30na berdindu ondoren, ligaxkako sailkapenean gainditu egin zituzten), eta Danimarkako GOG eta Bjerringbro-Silkeborg lirateke. Lehen ontzian dauden gainerako taldeak, Nexe kroaziarra, Balatonfüredi hungariarra, Metalurg mazedoniarra, Azoty-Pulawy SA poloniarra eta Asobal ligako BM Benidorm dira.

Beraz, EHFk "herrialde bereko taldeen arteko babesik ez ezartzea" erabaki ondoren, litekeena da Bidasoak eta Benidormek elkarren aurka jokatu behar izatea. Aurreko Ligan laugarren eta hamabigarren sailkatu ziren bi talde horiek hurrenez hurren, baina Mediterraneoko taldea bigarren txanda honetan zuzenean sartu da Kopako txapeldunorde izateagatik, Bidasoak -azkenean partida bakarrera jokatu duen aurre-kanporaketa- jokatu beharrik izan gabe.

Bestalde, Bidasoaren multzoan daude Austriako Fivers, Danimarkako Skjern eta Holstebro, HEDO-B. Braun Gyöngyös hungariarra, Errumaniako Potaissa Turda eta Dobrogea Sud Constanta, CSKA Mosku errusiarra, Trimo Trebnje esloveniarra, Suitzako Pfadi Winterthur eta Kriens-Luzern, eta Kristianstad suediarra.

Gaur, 21.30ean. Atseden hartzeko ia astirik gabe, Bidasoak Asobal Ligako estreinaldiari ekingo dio gaur bertan, COVID-19aren aurkako protokoloa prest ez zegoelako bi jardunaldi atzeratu ostean; Cangas de Morrazo taldearen kantxan izango da, 21.30etik aurrera (LaLigaSportsTV). Talde irundarrak ez du erlaxatzeko betarik izango, liga txapelketa oso zorrotz datorrelako, eta aurtengo denboraldia inoiz baino estuagoa izango delako. "Ordutegiarekin kaltetuta irten ginen, eta, neurri batean, horrek lehiaketa zapuztu egiten du", azaldu du Jacobo Cuetarak; inolaz ere, igandean Frantziako PAUCen aurka lortutako garaipena "lehiaketa-erritmoa hartzeko baliagarria" izango zaiela uste du. Beraz, Europako kanporaketa jokatu eta handik 48 ordura, gipuzkoarrak Ligako lehen garaipena lortzen saiatuko dira.

Fuchse, Rhein, Toulouse, Montpellier, Sporting, GOG eta Silkeborg dira zozketako talde zailenak