Super Amara Bera Bera ez da koronabirusaren osteko errealitatera ondo moldatu. Talde donostiarrak final-laurdenetako lehen partidan 24-28 galdu zuen Elxeren aurka. Aurkariak komeni zitzaion partida erritmoa ezarri zuen, eta gainera, bi areetan nagusi izan zen; Musons erasoan, eta Morales atezaina nabarmendu zirelarik.

Bera Berak ezin izan zuen, beraz, COVID-19aren eraginez etendako aurreko ligan bigarren geratu zen aurkaria gainditu. Lehen zatian aukerarik izan arren, markagailuan Elx-ekoak nagusi ziren. Imanol Alvarezek 5-1eko defentsa agindu zuen Arrojeria aurreratuta, Cesáreo, Hernandez eta Menendez atzean, eta Etxeberria eta Gil alboetan, Arruda atean zela.

Elxek, ordea, berehala aurkitu zuen irtenbidea Ivet Musonsekin; ezker hegalekoak era guztietako golak egin zituen: jaurtiketan, barneratuz, kontraerasoan, alboetatik eta baita penaltiz ere. Guztira, hamaika. Gainera, taldekideek ere maila handian jardun zuten€ lehen lerroko Martinez, Flores eta Andreuren laguntzarekin, eta Tchapchet pibote nafarrarekin, sekulako buruhaustea sortu zioten gipuzkoarren defentsari.

Lehen laurdenean, hala ere, gorabeherak egon ziren markagailuan, eta Bera Bera beti egon zen partidaren barruan; markagailuan aurretik jartzea ere lortu zuen, Renata atezainak areatik areara sartutako gol bati esker. Defentsako 5-1aren aurrean, zelaiko zazpi jokalari erabiltzea erabaki zuen Elx-eko taldeak, eta brasildarrak, bigarren saiakeran, asmatu egin zuen.

Baina 0-3ko partzial bati esker Elx-ek aurrea hartu zuen berriro, eta atsedenaldira aurretik iritsi ziren (13-14), Hernandez eta Pizzo kontra egiten gogor saiatu arren.

Bigarren zatiaren hasieran, Silva sartu zen Arrudaren ordez, baina orduan nabarmendu zen Morales atezaina, Sara Gilek eta Cardosok alboetatik egindako saiakerak zapuztuz. Hirugarren saiakeran, eta egoerarik behartuenean, katalanak asmatu egin zuen, taldea Elx-engandik gol bakar batera hurbilduz; tamalez, orduantxe hasi zen Tchapchet pibotea Musonsi laguntzen.

Batzuek eta besteek une batez golak trukatu ondoren, Elx abantaila hartzen hasi zen Moralesen geldiketei esker; gainera, kontraerasoei ere etekin polita atera zieten. Hala, hiru goleko aldea zabaldu zuten eta Imanol Alvarezek defentsa aldatzeko erabakia hartu zuen, 6-0ra pasatuz. Baina Super Amarak ez zuen erreakzionatu. Elxek alderik alde mugitzen zuen baloia, zuloa, jaurtiketa edo penaltia aurkitu arte, eta gipuzkoarrak saiatu arren, aldea handituz joan zen (18-24).

Talde gipuzkoarreko entrenatzaileak era guztietako aldaketa eta ahaleginak egin arren, aldea murrizteko baino ez zuten balio izan (24-28). Hitz bitan, ezusteko porrota ez-ohiko Kopa honetako lehen jardunaldian. Orain, lehiaketa hau ahaztu, eta datorren astean bertan hasiko den ligari ekin beharko diote buru-belarri.

Talde gipuzkoarrak ezin izango du Kopako titulua defendatu eta ligari begira jarriko da buru-belarri

SUPER AMARA BERA BERA Arruda (1), Etxeberria (3), Menendez (1), Cesáreo, Arrojeria (1), Hernandez (3) eta Gil (5) -hasierako zazpikoa- Terés (2), Cavo, Fernandes, Pizzo (8, 5p), Cardoso eta Silva (ordezko atezaina). Deialdian: A. Etxeberria eta Moreno.

ELX Morales, Gascó (1), Flores (1), Martínez (5, 3p), Tchalchet (3), Musons (11, 2p) eta Bolling (2) -hasierako zazpikoa- Guilabert (1), Beatriz, Andreu (4), Zhukova, Duque eta Encinas (ordezko atezaina).

Epaileak Macías eta Ruiz (Andaluziako Elkargokoak). Egotzitakoak: Cesáreo, Hernández eta Etxeberria, Super Amaratik; eta Zhukova, Bolling eta Martinez, Elxetik.

Partzialak 1-2, 4-5, 7-7, 8-10, 11-12, 13-14 -atsedenaldia- 14-16, 15-18, 17-22, 19-25, 21-28 eta 24-28.

Gertakariak Malagako Alhaurín de la Torre herriko El Limón kiroldegian jokatutako Erreginaren Kopako final-laurdenetako partida.