- Super Amarako jokalariei Bera Berako harrobiko lau jokalari batuko zaizkie aurre-denboraldi honetan, bi senior mailakoak eta bi gazteen taldekoak. Eskuin muturrean jokatzen duen June Ruiz de Gauna; Malen Morandeira ezker hegalekoa; postu anitzetan joka dezakeen June del Campo eta Amaia Zolezzi erdikoa dira aukeratuak. Laurak deitu ditu Imanol Alvarezek uztailaren 27rako, Bidebietan izateko, orduantxe jarriko baita martxan aurtengo Super Amara Bera Bera.

Senior mailako bi jokalari hauek izan dute jada partida ofizialean minutu batzuk jokatzeko aukera. Morandeira urnietarrak 16 urterekin jokatu zituen estraineko minutuak 2019ko urtarrilean, Bidebietan, Alcobendasen aurka; Egiatik datorren 20 urteko June ruiz de Gauna donostiarrak, berriz, Tolosan egin zuen debuta, Europako txapelketan LK Zug taldearen aurka eta, ondoren, ligan BM Porriñoren aurka, Maitane Etxeberria min hartuta zegoelako. Bere lehen gola hurrengo astean sartu zuen Balonmano Salud Tenerifer taldearen aurka, Bidebietan bertan.

Bestalde, June del Campo 2003an jaiotako jokalari anitza da; kadete mailan lehen lerroan jokatu zuen, eta jubeniletan ezker muturrean ere jardun du. Egia esan, azken posizio horretan ibili da nagusiki, udazkeneko geldialdian jokatutako lau lagunartekoetan: Bidebietan, Tolosako gazteen eta Merignacen aurka; eta Zuazoren aurka, Lerinen eta Oñatin. Bere ama, Lorena Blanco, jubeniletatik iritsi zen 1990-91 denboraldian ohorezko mailan debuta egin zuen taldera, eta beste denboraldi bat ere jokatu zuen Bidebietan, Tati Garmendia taldean sartu zenean. Amaia Zolezzik ere 17 urte baino ez ditu. Ausardia handiko atzelari hau Ipar Euskal Herrian bizi da, eta denboraldi-aurrea lehen taldearekin egiteko aukera izango du honek ere. Imanol Alvarezek eta Alex Noguesek adierazi dutenez, denboraldiko hainbat entrenamenduetara eta udazkeneko etenaldira harrobiko jokalariak dei-tzeko asmoa omen dute.

Bestalde, Yune Bermejok eta Leire Arrizabalagak Zilarrezko Mailan jokatuko dute Elgoibarko Sanlo taldearekin, eta Ainhoa Larrañaga atezainari dagokionean, ikasketak direla eta, seguruenik Bartzelonara joango da aurten.