- Toch Sarrek bere aldia IDKn bukatu du. Zortzi urte egon da bere etxea eta agur esan zuen atzo. Taldea bigarren mailan zegoen iritsi zenean, 2013-14 denboraldian. Taldearen interesak lehenetsi ditu beti.

Urte hauetan entrenatzaile izan duen Azu Muguruzak hitz hauek eskaini zizkion: “Nekez laburbildu daiteke guztia prentsaurreko batean, baina argi utzi nahi dut oso jokalari garrantzitsua izan dela. Bera taldean zela, kluba asko hazi da. Beti izan du taldea hazten laguntzeko konpromisoa, eta inguruko guztiei iradoki izan die”. “Bere maila kontuan izanik, beti erakutsi du klubarekiko konpromiso estua eta beti egon nahi izan du hemen. Une oro taldekide guztiei laguntzeko prest egon den jokalaria izan da”, gaineratu zuen.

Bien artean elkar ulertze pertsonal eta profesional bikaina lortu dute, eta Toch konfiantzazko bidelaguna izan da entrenatzailearentzat: “Oso erraza izan da berarekin lan egitea. Taldekideei laguntzeaz aparte, niri ere izugarri lagundu dit. Gure arteko feelinga oso ona izan da beti, eta egindako guztia eskertu baino ezin zaio egin”.

Bestalde, senegaldarra oso esker oneko agertu zen klubarekin eta zaleekin: “Gauza asko eramango ditut betiko. Azuri eskerrak eman, nire ondoan egoteagatik, momentu onetan eta zailetan. Nire ibilbide guztia hemen egin dut, saskibaloian bizitako gauza on guztiak hemen izan dira. Pozik eta harro nago. Carmen (Muguruza) ere azpimarratu nahi dut ondoan izan ditudan pertsonen artean. Eskerrik beroenak klubari eta staff osoari. Eta eskerrak taldekide guztiei; etxeko bertako jokalari guztiei, hazten ikusi baititut eta ni neu ere haiekin batera hazi naizelako. Eta ezin, noski, zaletuak ahaztu, mila-mila esker”. Eta zaletu horiengandik Gascan agurtzeko itxaropena duela.

Bere kirol-ibilbidea amaitzeari buruzko erabakia nola hartu zuen ere aipatu zuen: “Ez da urte gozoa pasa lesioengatik. Eta garrantzitsuena nire familiaren ondoan egotea da. Noizbait gertatu behar zuen, eta orain izan da”. Orain, bere lehentasuna familia eta alabak dira: “Inoiz ez bezala gozatu nahi dut beraiekin. Orain arte saskibaloiak ez dit hori bizitzen utzi”.