- Baskoniaren aurkako partida galtzean, Acunsa Gipuzkoa Basketen jaitsiera gauzatu zen joan den asteazkenean. Hainbat arrazoi izango ditu gertaerak, baina klubari maniobrarako tarterik utzi ez dion aurrekontu murritza, eta taldea presaka egin eta horrek eragindako desoreka nabarmenak lirateke bi gako nabarmen.

Gipuzkoarrek ACB Ligan jokatu duten denboraldirik zailena izan da; lehenik eta behin pandemiagatik, eta bestetik, uda hasieran ACBk aurtengo denboraldian parte har-tzea ukatuta, epaitegietara jo behar izan zuelako, eta, ondorioz, taldeak ez zuen lanerako behar adina astirik izan.

Behin epaitegietako borroka irabazita GBCk oso egun gutxi izan zituen lehiaketak irentsi duen taldea osatzeko.

Urtarrilean arazoak areagotu egin ziren, taldeko jokalaririk onenetakoa izaten ari zen Jaime Echenique kolonbiarra denboraldi osorako lesionatu zenean.

Talde donostiarrak ezin izan zuen haren hutsunea bete, eta talderen bat bilatu artean eurekin entrenatzen zebilen Mike Carlson hegalekoa fitxatu zuen, errotazioan beste jokalari bat edukitzeko.

Brandone Francis, aldeak markatzeko asmoz ekarritako beste jokalari bat, errendimendu eskasagatik baztertu zuten urtarrilean, hura ere ordezkatzeko betarik gabe. Azken albiste negatiboa beste lesio batek ekarri zuen, kasu honetan Xabi Oroz kapitaina erori zen; azkoitiarra funtsezko pieza bihurtuta zegoen, eta orain hiru jardunaldiz belaunean lesio larria pairatu zuen, taldea hil ala biziko kinka larrian zegoenean. Urtarrileko eta otsaileko emaitza onak ikusita miraria posible zela sinesten hasiak ziren zaleak, baina indarrak martxoan agortu ziren, eta azken hamaika partidetatik bi baino ez zituzten irabazi.

Gainera, aurkari zuzenen aurkako ia norgehiagoka guztiak alde handiz galdu zituzten, eta salbazioa kimera hutsa bilakatu zen.

Orain, Acunsa GBCk, geratzen zaizkion bi jardunaldietan duintasunez lehiatzeaz batera, taldea birmoldatu beharko du; igoera lortu bai, baina denboraldi honetan ACBn lehiatzeko izan duen taldeari behar bezalako etekina atera-tzeko gauza izan ez den Marcelo Nicola buru duen talde teknikoaren etorkizuna zein izango den azaldu; eta egungo jokalarien egoera argitu, Mikel Motos donostiarrak bakarrik baitu kontratua indarrean hurrengo denboraldirako.

Gipuzkoako saskibaloiak bi talde izango ditu Urrezko LEB mailan estreinakoz; izan ere, Iraurgi SB, Urola Erdiko Azpeitian eta Azkoitian urte askoan lanean dabilen taldea modu bikainean igo baita hirugarren mailatik, eta datorren denboraldian aurrez aurre lehiatuko da, hemendik aurrera kontagailua hutsean jarri beharko duen Gipuzkoa Basketen proiektuarekin.

ACBko azken bi jardunaldiak jokatu bitartean, klubak erabaki garrantzitsuak hartu beharko ditu