- IDK Euskotrenek 64-68 galdu zuen Movistar Estudiantesen kantxan partida hasiera txarra izan ostean. Asteazkenean Perfumerías Avenidaren aurka galtzetik zetozen Azu Muguruzaren neskek bigarren porrota jaso dute aste honetan, baina euren egoera ez da kezkagarria; sailkapeneko zazpigarren postuan daude, lau garaipen eta bost porroteko balantzearekin.

IDK ez zen batere jarrera onarekin hasi Estudiantesen kantxan. Gipuzkoarrei kosta egin zitzaien erabakiak hartzea eta, gainera, baloi galera ugari egin zituzten; hala eta guztiz ere, ez zieten etxekoei errenta handiegia hartzen utzi.

Estudiantesek hiruko batekin estreinatu zuen markagailua eta Gladkovak berehala erantzun zien. Madrildarrek bost tantoko aldea lortu zuten laster eta Laura Garcíak bi tantora murriztu zuen. Etxekoek, hala ere, aldea handitzen jarraitu zuten, eta azkenean Delaerek, lau puntu jarraian lortuta, Estudiantesek lehen laurdena soilik hiru puntuko aldearekin bukatzea lortu zuen (17-14).

Bigarren laurdena Estudiantesen saskiratzearekin hasi zen. IDKren lehen puntuak jaurtiketa libreetatik iritsi ziren Gladkova eta Tirerari esker. Ondoren, Estudiantesek zazpi puntura igo zuen aldea, baina talde gipuzkoarrak erreakzionatu eta, García, Delaere eta Sarr jokalarien saskiratzeei esker, neurketa 24na berdintzea lortu zuten. Etxekoek, ordea, zazpi puntuko alde hori berreskuratu egin zuten partida atsedenaldira joan zenean (33-26).

Hirugarren laurdenaren emaitza partziala IDKren aldekoa izan zen (14-16). Hasi bezain pronto, gipuzkoarrek Gladkovaren hirukoa eta Gonzalezen saskiratze bat lortu zituzten. Etxekoen erantzuna berehala etorri zen eta laster hamaika puntuko aldea ere izan zuten, Garcíak eta Tirerak diferen-tzia lau puntuan utzi arte. Etxekoen jaurtiketa libre batek 47-42 utzi zuen markagailua hirugarren laurdenaren amaieran.

Azken laurdena Tireraren saskiratzearekin hasi zen eta gipuzkoarrak hiru puntura hurbildu zi-tzaizkien madrildarrei. Estudiantesek, ordea, hiruko bat sartu eta markagailuan abantaila handitzea lortu zuen, amaieran emaitza 64-58koa izan zelarik.

Azu Muguruzaren neskak garaipena lortzen saiatuko dira berriz igande honetan Donostian, Cadí La Seuren aurka.

MOVISTAR ESTUDIANTES Alonso de Armiño (3), Nyingifa (21), Gretter (7), Burani (16) eta Ramán (4) -hasierako bostekoa-, Grande (2), Espin (1), Gomes da Silva (7), Carter eta Knight (3).

IDK EUSKOTREN Sarr (7), Lara González (4), Laura García (11), Coulibaly eta Gladkova (9) -hasierako bostekoa-, Cousseins-Smith (6), Erauncetamurguil (2), Tirera (11) eta Delaere (8).

Partzialak 17-14, 16-12, 14-16 y 17-16.

Epaileak Zafra Guerra, Gómez Luguez eta Lázaro Rodríguez.

Jazoera Antonio Magariños pabiloian jokatutako partida.