- Saskibaloi Kluben Elkarteak (ACB) joan den asteartean egindako gonbidapenagatik Nacho Núñez Gipuzkoa Basketeko presidentea pozik eta baikor agertu zen; izan ere, ACB ligan talde gipuzkoarra egotea behartzen duen Bartzelonako epaitegi baten kautelazko neurrien autoa betetzera behartuta baitago elkartea. “Pozik gaude. Pausoak ematen jarraitzen dugu”, esan du Nacho Núñez Delteco GBko presidenteak. “ACBk epaitegiaren aurrean desobedientzian ez erortzeko gonbidapena egin zuen, eta gaur egun ACBn gaude. Klub guztiaren aldetik lan mardula izan da”, gaineratu du talde gipuzkoarreko arduradun nagusiak.

Joan den denboraldia koronabirusaren pandemiagatik amaitutzat eman zenetik izandako prozesu guztiaren errepasoa egin zuen Núñezek: “Martxoan liga eten zenetik, klubak, aurrena, bere kirol igoera defendatu zuen, eta hori martxoa eta apirila arteko negoziazioetan gauzatu zen. Eta behin maiatzaren 25etik aurrera, Federazioak igotako talde izendatu gintuenean, bigarren faseari ekin genion, ACBk ezartzen dituen baldintza ekonomiko-finantzarioak betetzeari, alegia. Prozesu nekagarri honek bi hilabete baino gehiago iraun du, baina aldi berean, lan pozgarri eta harrotasun handikoa ere izan da, arauak betetzen dituen talde txiki eta apal batek azkenean bere burua errespetarazten duela erakutsi dugulako”.

Gipuzkoa Basketeko presidenteak, dena den, ACBk auzitan jarraituko duela uste du: “Orain epaitegiak itxita daude, baina ACB kautelazko neurri horiek altxatzen saia daiteke, eta epailea irizpidez aldatzeko konbentzitzen. Nahiago nuke gudua haratago ez joatea; hartara, lasai lan egin eta taldea osatzeko aukera izango genuke, hori baita orain gure egiteko nagusia”. “Esango nuke oraindik ez dutela aukera hori baztertzen. ACBk jarrera garbia du jaitsieren eta igoeren gaiaren inguruan, eta oraindik ere ez nuke baztertuko hartutako neurrien aurka egitea”.

Hori bai, bitarte horretan, taldeko arduradunak datorren denboraldiari begira hasiko dira lanean: “Azkenean dena oso epe laburrean egin beharko dugu, eta diru-sarrerak handitzeko ere sekulako lana egin behar”, adierazi du Núñezek; eta aste honetan bertan ACBko arduradunekin lehen bilera bat izatea espero duela gaineratu du.

“Epaitegi batek arrazoia ematea, oinarri sendoak dituzunaren seinale da. Eta, egia esan, tamalgarria izan da honaino iritsi behar izatea”, aitortu du.

Nacho Núñezek jakinarazi duenez, Illunbeko zezen-plazan jokatuko dituzte etxeko partidak hurrengo denboraldian, horixe baita Gipuzkoako hiriburuan ACBk eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen dituen instalazio bakarra; honen inguruan ere albistea berandu iritsi izana deitoratu du, hasiera batean aurreikusita zituzten planak aldatzera behartuta baitaude orain. “Egindako kaltea larria da taldeak ia itxita baitaude, eta egoera horrek zer ondorio ekarriko dituen aurrerago ikusi behar. ACBko gainerako klubekin alderatuta, desabantaila handiko egoeran gaude. Lan izugarria egin beharko dugu datozen egunetan, hamabi jokalarirekin osatutako taldea nahi dugulako, eta dagoeneko gauza batzuk mugitzen hasi gara”, azaldu du kexati, Delteco Gipuzkoa Basketeko presidenteak.

Gaur egun Xabi Oroz kapitainak bakarrik du fitxa indarrean, eta Johnny Dee eskolta amerikarra ere taldekide izatea espero dute gipuzkoarrek, estatuko maila gorenera igoz gero haren kontratua luza-tzeko aukera agertzen baita idatziz. Beraz, sekula igoera errazik izan ez duen talde honen ohiturari jarraiki, marka guztiak hautsiko dituen epean berreraikitzeari ekin beharko dio Delteco GBk.

“ACB kautelazko neurriak kentzen ahalegindu daiteke eta epailea irizpidez aldatzeko konbentzitzen saiatu”

Gipuzkoa Basketeko presidentea