- 2020-21 denboraldiari begira, IDK Euskotrenen Mariam Coulibaly fitxatu du taldea osatzeko. Pibot postuan jokatzen du, 192 zentimetroko altuera du eta 22 urte (1997ko urriaren 7an jaio zen Malin). Horrela, Emakumezkoen Endesa Ligan lehiatuko den taldea hamar jokalariz osatuta dago: Lara González, Joyce Cousseins-Smith, Ane Esnal, Laura García, Mehryn Kraker, Maria Erauncetamurguil, Julia Gladkova, Toch Sarr, Meiya Tirera eta Mariam Coulibaly.

Maliko jokalariak badu ahalmena bere fisikoarekin zona barruan gailentzeko, baita erreboteak hartzeko eta saskiratzeko ere, aurrez Endesa ligan erakutsi zuen bezala: izan ere, 2015-16 eta 2016-17 denboraldietan Spar Gran Canariarekin jokatu bai-tzuen, eta 2017-18 eta 2018-19 denboraldietan berriz, Snatt 's Femení Sant Adriá taldearekin. Kataluniarrekin jokatu zuen azken denboraldian partidako 12,4 puntu eta 10,9 errebote lortu zituen bataz beste. Azken denboraldian Frantziako Landerneau taldean jokatu du, partidako 8,7 puntu eta 5,7 erreboteko batez bestekoak eginaz eta laugarren izan da ligan. Gainera, Maliko selekzioarekin internazionala ere bada.

Frantzian izandako esperientziaren ostean, Mariam Coulibaly Emakumezkoen Endesa Ligara itzuli da, IDK Euskotrenen eskutik: "Frantziako ligak ere maila handia du, baina IDK Euskotrenek deitu zidan nire ezaugarriak zituen barneko jokalari bat behar zutelako, eta fitxatzea erabaki dut, pozik nago", esan digu pibot afrikarrak bere herrialdetik; "gimnasioan eta kantxan gogor entrenatzen" ari omen da datorren denboraldiari begira.

"Frantziako ligak maila handia duen arren, pozik nago IDKra etortzeaz"

IDK-ko jokalari berria