Nadia Erostarbe eta Annette Gonzalez-Etxabarri surfeko mundu mailako elitean postu bat lortzen ahaleginduko dira Australiako Newcastlen, gaur hastekoa den World Surf Leagueko azken proban. Sailkapeneko zazpi onenak maila gorenera pasako dira. Yolanda Hopkinsek, Kika Veselkok, Sally Fitzgibbonsek eta Tya Zebrowskik postua ziurtatuta daukatenez, beste hiru leku daude erabakitzeko.
Zarauztarra sailkapen nagusiko bosgarren postuan dago 32,655 punturekin, eta gutxienez bosgarren amaitu beharko luke Australian igoera bermatuta izateko. Erostarbek berriz, nazioarteko zirkuitu nagusiko hainbat probetan parte hartzeko gonbidapena jaso du, eta plaza propioa eskuratzea du helburu.
Zumaiarrak, berriz, lan zailagoa du. Une honetan zazpigarren postuan dago 18, 385 punturekin, eta lehiaketako bigarren postua lortu beharko luke gutxienez, igoera ziurtatzeko.
Bi surflari gipuzkoarrak hogeita hamabirenetan hasiko dira lehian. Erostarbek Sophie McCulloch australiarra eta aurreko kanporaketatik etorritako bi aurkari izango ditu aurrez-aurre, eta Annette Gonzalez Etxabarrik, India Robinson australiarra eta oraindik erabaki gabe dauden beste bi aurkari.